Ane Garcia Lopez.
MELE

Cunnilingus

2022ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Oporretatik itzuli berritan konbentzitu nuen laguna arratsaldea Ziburuko hondartzan pasa eta gero Baionako bestetako pare bat kontzertu lasai-antzean ikustera joateko (trago pare bat, bokadiloa, kontzertuak eta buelta etxera). Inozentzia zer den: hurrengo egunean irakurri nuen joan den larunbatean 300.000 pertsona bildu ginela bertan. Tira, kontua da han amaitu genuela, saldo zuri-gorriaren erdian laranjaz eta granatez jantzita (gama kromatikoan gorritik ez oso urrun, bederen) Liher ikusten, hegoaldeko bi pertsona gartxuok. Eta hara non hasi zitzaion lehenengo ilaran zegoen gixontxo bat (uste dut hori duela izendapen zehatza) abeslari emakumeari pare-parean cunnilingusaren keinua egiten (ez dut esango zer pentsatzen dudan gixon horren sexu-abilezia potentzialaz). Lide Hernandok oso ongi erreakzionatu zuen, gixontxoaren muturrean erdiko hatzak goratuta. Ez zuen asko iraun asuntoak. Nire metro eta erditik ez nuen ongi ikusi tipoa atera egin zuten edo berak egin ote zuen alde; edonola ere, berehala desagertu zen.

Hori gertatu baino pare bat gau lehenago, Bartzelonan oporretan ginela, musikari (gizon) batzuei aipatu genienean ikusi berri genuen jam session-ean emakume bakarra taularatu zela gau osoan, beste lagun batek eta nik entzun behar izan genuen «Nadie os prohibe subir (...) Tenéis que empezar a ver personas en vez de el género» (Inork ez dizue debekatzen igotzea [...] Generoaren ordez pertsonak ikusten hasi beharko zinatekete). Inozentzia (eta kopeta edukitzea) zer den. Baionatik etxera bidean, irratia piztu eta kantuaren leloak zera zioen: «Quieres ser mi amigo? Cómeme el higo». Nire laguna izan nahi duk? Hoa pikutara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.