Goiatz Labandibar.
MELE

Drim drim dream

2022ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Gasteiztik (ez hainbestetan) eta Iruñetik (maizxeago) pasatzen naizen bakoitzean, atentzioa ematen didate hiriak irentsi dituen inguruko herritxo horiek, txalet eta etxe bifamiliarrez beteak. Behinola herri bat izan zirela ziurtatzen dute elizatxoetako kanpandorreek. Noizbait herriko festak ospatuko zituzten herritxo horietan, eskolatxoren batean idazten eta irakurtzen ikasiko zuten haur batzuek eta esneketaria pasatuko zen astoarekin, marmitak esne epelez beteta.

Fenomeno urbanistiko deigarriak iruditzen zaizkit herri horiek, eta, tira, tristura pixka bat ere ematen didate: ezlekutik gehiago dutela iruditzen zait herritik baino (eta agian, oker nago). Eta imajinatzen ditut etxe horiek saltzeko higiezinen agentziek erabiliko dituzten iragarkiak eta esloganak: paradisua hiritik ordu laurdenera; txalet bat hiriko pisu baten prezioan; hiriko erosotasun guztiak eta herri bateko lasaitasuna.

Baina fenomeno urbanistiko baino, fenomeno antropologiko gisa ere atentzioa ematen didate. Zer den saltzen digutena baino, zer den erosten duguna horrelako herri batean etxea erostean. (Funtzionario izatearekin eta autokarabana edukitzearekin batera) Gaur egungo basque dream-aren zutabeetako bat dira etxe bakarrak. Amerikanoek aspaldi asmatu zuten euren ideala; ez gara gu gutxiago izango.

Norbaitek esango dit dagoeneko asmatua dagoela fenomeno antropologiko hori azaltzeko kontzeptua, eta hiriaren gentrifikazioaren bariante bat baino ez direla herri-urbanizazio horiek. Eta ziurrenik, arrazoi izango du hori esaten didanak. Baina ni guardia zibilaren kuartela izan zuen auzo batean jaio nintzen. Eta auzo horiek, nekez gentrifikatzen dira. Drim drim dream...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.