Ezkurdia 22 - 15 Peio Etxeberria

Ofizioari esker

Distiratsu jokatu ez arren, sufritzen jakin duelako irabazi dio Ezkurdiak Peio Etxeberriari. Altunaren aurka ariko da finalerdietan

Joseba Ezkurdia, pilota jotzeko prest, Peio Etxeberria begira duela, atzo, Labriten. IÑIGO URIZ / FOKU.
jon eskudero
2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Pilotakadak. 346.
Iraupena. 64 minutu.
Sakez. Ezkurdiak bat, eta Peio Etxeberriak beste bat.
Egindakoak. Ezkurdiak hamabi, eta Peio Etxeberriak beste hamabi.
Huts egindakoak. Ezkurdiak hiru, eta Peio Etxeberriak hamar.
Markagailua. 6-0, 6-4, 9-4, 9-5, 11-5, 11-8, 13-8, 13-11, 20-11, 20-14, 21-14, 21-15 eta 22-15.
Bestelakoak. Ia bete zen Labrit. Partida hasieran, dirua Ezkurdiaren alde: 100-70i.

Hustuta, eta beteta. Halaxe amaitu zuen Joseba Ezkurdiak buruz buruko partida atzo, Iruñeko Labriten. Hustuta, fisikoki zituen guztiak emanda garaitu behar izan baitzuen Peio Etxeberria. Baina, era berean, beteta, berriz ere lau onenen artean izango delako banakakoan. Eta bada zerbait. «Ez nago nire momenturik onenean, baina, hala ere, finalerdietarako sailkatu naiz, sufrimenduari esker. Izugarri pozik nago», aitortu zuen. Ez da gutxiagorako. Neurketa gogorra eta oso bizia jokatu zuten bi adiskideek, Ezkurdiak eta Etxeberriak, eta ofizioak zerbaitetarako balio izan zion garaileari. Opari gutxiago egin zuen, hasieran lortutako aldeari eusten ere asmatu zuen, eta, eskarmentua lagun, garaipen garrantzitsua lortu zuen. Finalerdian ariko da bi aste barru, Jokin Altunaren aurka, berriz Labriten.

Partidako lehen tantoak berak erakutsi zuen garaipena oso garesti salduko zutela bi pilotariek, ia 50 pilotakada jo baitzituzten. Asko dira buruz buruko partida batean. Ezker-eskuin korrika ibili ziren biak, arnasari buelta eman ezinda, eta azkenean Peio Etxeberriak bota zuen pilota txapa azpira. Tanto horrek emandako laineza lagun, hurrengo tantoak ere Ezkurdiak egin zituen, eta 6-0 jarri zen. «Lehia ongi hastea zen helburua, eta hasieran lortutako aldea erabakigarria izan da». Betekada ordaindu zuen Peio Etxeberriari, buruz batez ere. Egoera ikusirik, atseden tokira egin zuen gazteak. Ez zitzaion damutu izango, handik bueltan hasi baitzuen susperraldia. Konfiantza hartuta, gerturatzen hasi zen: 6-4.

Jokoari zegokionez, bistakoa zen ez zegoela alderik bi pilotarien artean, elkar hautsi ezinda aritu baitziren. Biek ala biek aurkariari hanketara jokatzea izan zuten xede, eta, askotan, ematen zuen ez zirela lau eta erdian ari. Kosta egin zitzaien frontisean altuera topatu eta pilota atzeratzen. Hori bai, nabarmentzekoa izan zen tanto gogorrak Peio Etxeberriak lortu zituela, eta motzagoak Ezkurdiak. Fisikoki nekatuago zegoen zantzuak eman zituen arbizuarrak, baina asmatu zuen jokoa bere gidoira bideratzen. Hortzak estututa, ezker airea baliatu eta aurkaria kontrakantxara eramaten saiatu zen. Bete-betean asmatu zuen. Lanak erraztu egin zizkion Peio Etxeberriak, une erabakigarrietan opariak eginda. Lan erdietan, berriz ere sei tantoren aldea zuen Ezkurdiak: 11-5.

Peio Etxeberria, bi tantora

Partidak arriskua bazuela ikusten zen, batez ere fisikoki gorriak ikusten ari zelako Ezkurdia. Hankan izandako zuntz hausturaren eraginez, buruz burukoa nahi eta behar bezala prestatzeko aukerarik ez du izan, eta oraindik sasoirik onenera iritsi ezinik zegoela sumatu zen. «Kantxan motel sentitzen naiz, bizkortasunik gabe. Egia da astez aste hobera egin dudala, baina iazko mailatik eta erritmotik urrun nago». Nabaritu zitzaion neurketaren erdialdean, aurkariari gaina hartu beharrean, tanto askotan Peio Etxeberria gehiago izan baitzen. Horri esker, soilik bi tantora hurbildu zen zenoztarra: 13-11. Une horretan, garaipenarekin amets egiteko moduan zen, Ezkurdia baino hobeto ari baitzen. Baina berak huts egin zuen. Aukerako pilotakada batean ez zuen asmatu, eta garesti ordaindu zuen gero.

Izan ere, berriro arnasa hartu, saskitik bere pilota atera, eta errenta bikaina eskuratu zuen Ezkurdiak: 20-12. Oso denbora gutxian alde erabakigarria eskuratu zuen, aurkariaren hutsak baliatuta batez ere. Presaka jokatu zuen Peio Etxeberriak. Azken txanpan, itxaropena pizteko hiru tanto egin zituen, baina alferrik. Ezkurdiak urrezko balioa duen garaipena eskuratu zuen. Bigarren urtez jarraian, lau onenen artean izango da, eta, txapelketara nola iritsi den aintzat hartuta, bada zerbait. Baina hobeto egin beharko du Altuna III.ari aurre egiteko. «Bi aste dauzkat hobeto prestatzeko, eta saiatuko naiz ahalik eta ondoen iristen. Ezer galtzekorik ez dudala jokatuko dut, eta badut itxaropena». Multzo horretan, jokoan ezer ez dutela ariko dira gaur Erik Jaka eta Dario Gomez, Logroñon (Espainia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.