Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Biharamuna

ESANDAKOAK

EAJko zuzendaritzak bilera egin zuen atzo Sabin Etxean. LUIS TEJIDO / EFE.
2019ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
«Premiazkoa da legealdia bideratzea, eta prest gaude gobernua osatzen laguntzeko. Nahiago nuke Pedro Sanchezek akordioa ezkerretik egitea lortuko balu, eta Voxi, berriz, hesi bat jarri behar zaio».

Aitor Esteban EAJren Bizkaiko diputatua

«Oraingo egoera apirilaren 29koa baino larriagoa da. Etengabe hauteskundeak egitea ez da konponbidea, eta Euskadiko emaitzek erakusten dute errespetatu behar den kultura politiko desberdina daukagula hemen».

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

«Zazpi diputatu eta bederatzi senatari EAJk Madrilera inoiz bidali duen ordezkaritzarik handiena da. Emaitzek erakusten dute Euskadiko eta Kataluniako errealitate desberdina».

Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko burua

«Emaitzak oso positiboak dira. Abstentzioa handiagoa izanda ere, 17.000 boto gehiago eskuratu ditugu, eta Hego euskal Herriko lurralde guztietan ordezkaritza duen alderdi abertzale bakarra gara».

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile orokorra

«Oso ondo ulertu genuen erronka oso handia geneukala Nafarroarentzat, eta Madrilera justizia eta demokrazia eskatzera joango ginela. Auzolan erraldoi bat izan da, eta guztion artean lortu dugu».

Bel Pozueta EH Bilduren Nafarroako diputatua

«Euskal sozialistek berriro ere lau diputatu eta bi senatari lortu ditugu. Horrela, Euskadiko aurrerakoien aukera gustukoena gara, eta Euskadiko ezkerreko lehen indarra ere bai».

Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusia

«Espainiarrek eta nafarrek esan dute Pedro Sanchez presidente izatea nahi dutela. Eserleku bat galdu dugun arren, botoen ehunekoa oso antzekoa izan da. Esparzak, berriz, gorrotoaren mezuarekin jarraitzen du».

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea

«Podemosek nahiago izan zuen gobernuan egotea desblokeoa baino. PPk eta Ciudadanosek, berriz, Vox muturreko alderdiari erakundeetan sartzeko bidea diote».

Eneko Andueza PSE-EEren Gipuzkoako idazkaria

«Bihotzez, mila esker berriro ere, eskubide sozialak eta autogobernua defendatzeko eta atzerakada demokratikoa eteteko Unidas Podemosi konfiantza eman dioten nafarrei».

Ione Belarra Unidas Podemosen diputatua

«Beharrezkoa izango da ekologismo politikoa indartzea, erakundeen barruan nahiz kanpoan. Izan ere, Espainiako emaitzek demokraziak atzera egitea eta eskubidea eta askatasunak mehatxatzea dakarte».

Juantxo Lopez de Uralde Elkarrekin Podemoseko hautetsia

«Gure ordezkariak Espainiako Gorteetan egongo dira lurralde hau defendatzen. PSNk, berriz, eserlekua galdu du printzipiorik eta proiektu politikorik ez edukitzeagatik eta arduragabekeriaz jokatzeagatik».

Sergio Sayas Navarra Sumaren diputatua

«PSNk apirilean irabazitakoa galdu egin du hauteskunde hauetan. Hori gertatu da Nafarroan lortu dituen akordioak herritarrei ez zaizkielako gustatu. Guk, berriz, ordezkaritza mantendu dugu».

Javier Esparza Navarra Sumaren bozeramailea

«Ez da deialdi egokia izan Geroa Bairentzat, baina gure mezua defendatu nahi izan dugu. Egon behar genuen lekuan egon gara, eta, orain, aukeratutako ordezkariek Nafarroa behar bezala defendatzen duten ikuskatuko dugu».

Maria Solana Geroa Bairen hautagaia

«Vox izan da Arnaldo Otegiren aliaturik onena. Santiago Abascalek gogoeta egin behar luke, Euskal Herrian zaila delako konstituzioa eta askatasunak defendatzea. Pedro Sanchez, berriz, Espainia blokeatzen duen elementu nagusia da».

Alfonso Alonso EAEko PPren presidentea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.