AEBak

Demokratak, Trumpen kargugabetze prozesua hasteko prest

Pelosik dio 'impeachment'-a abiatuko dutela AEBetako presidenteak ez badu «berehala» dimititzen. Etxe Zuriko maizterra, emaitzak onartu arren, ez da izango Bidenek kargua hartzeko saioan

Ordezkarien Ganberako presidente Nancy Pelosi. SHAWN THEW / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Ordezkarien Ganberako presidente Nancy Pelosik konstituzioko 25. zuzenketa abian jartzeko eskatu zion atzo AEBetako presidenteorde Mike Penceri —buruko arazoak argudiatuta, presidentea kargugabetzea ahalbidetzen du artikulu horrek—. Buruzagi demokratak, hala ere, ez du baztertzen Donald Trump AEBetako presidente kargutik kentzeko beste aukera, impeachment-a; Pelosik esan zuen prozesu hori abiatuko dutela, printzipioz datorren astean, Trumpek «berehala» dimititzen ez badu. Gauza bera Pencek 25. zuzenketa erabiltzeari uko egiten tematuta segitzen badu.

AEBetako presidenteak, bideo batean, bozetako porrota onartu zuen lehen aldiz: «Kongresuak berretsi ditu emaitzak, eta administrazio berria urtarrilaren 20an hasiko da lanean. Adiskidetzeko eta zauriak sendatzeko garaia da». Estatuburu errepublikanoak Kapitolioaren aurkako erasoa ere gaitzetsi zuen, eta nabarmendu legea urratu dutenek ez dutela Alderdi Errepublikanoa ordezkatzen, eta egindakoa «ordaindu» egingo dutela.

Hala ere, bideoa zabaldu eta ordu batzuetara, bere ohiko jardunera itzuli zen Twitterren, eta 75 milioi «abertzaleei» eskertu zien bere alde bozkatu eta «Amerika handi» egiteagatik; nabarmendu zuen etorkizunean ere beren ahotsa entzunaraziko dutela.

Ezusteko iragarpen bat egiteko ere baliatu zituen Trumpek sare sozialak. AEBetako presidente kargua hartzeko ekitaldiko protokoloarekin eten eta jakinarazi zuen ez duela parte hartuko hilaren 20ko ekitaldian, Joe Biden presidente hautatuak eta Kamala Harris presidenteorde hautatuak karguaren zina egingo duten horretan.

Barkamena

Estatuburuen eskumenak baliatuta, Trumpek bere buruari indultua emateko asmoa duela zabaldu zuten zenbait hedabidek. Horien arabera, aholkulariei galdetu zien halakorik egin ahalko lukeen, eta eginez gero zer ondorio izango lukeen politikan eta lege arloan.

Izan ere, behin kargua utzita, haren aurka zabal dezaketen ikerketetako bat ustelkeria salaketa batekin lotuta dago. Estatu mailako kasu bat litzateke; presidenteak bere burua barkatuko balu ere, auziak aurrera jarraitu ahal izango luke. Baina ez dago batere argi Trumpek bere burua barkatu ahal izango lukeen.

Bestalde, Kapitolioko segurtasun arduradun Steven Sundek dimisioa eman zuen, istiluen osteko kritiken ondorioz. Pelosik berak, eta Senatuan errepublikanoen buru Mitch McConnellek segurtasun neurrietan izandako hutsuneak salatu zituzten bezperan, eta Sunden dimisioa eskatu. Dimisioa eman aurretik, Sundek iragarri zuen ikertzen ari zela segurtasunean izandako hutsuneak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.