Kolpe latza Australiako ekosistemarentzat

Mila milioi animalia baino gehiago hil dira suteen eraginez, eta Chris Dickman zientzialariak ez du zalantzarik: hondamendia gizakiak eragindako klima aldaketaren ondorio da.

Baso suteek erabat suntsitu dute kanguruen habitata, besteak beste. DAVID MARIUZ / EFE.
Mikel O. Iribar.
2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Goiz da oraindik Australian udaberritik hasitako baso suteen hondamenak ekosisteman eta biodibertsitatean egin dituzten ondorioak jakiteko. Hala eta guziz ere, Chris Dickman Sidneyko Unibertsitateko irakasle eta zientzialariak hilabete hasieran egin zuen ikerketaren arabera, Australia osoan 1.250 milioi animalia hil dira. Ingurumenerako Munduko Funtsakere joan den astean baieztatu zuen Dickmanek plazaratutako datua.

Bere ikerketan, Dickmanek ugaztunak, hegaztiak eta anfibioak hartu ditu kontuan. Arrainen eta intsektueninguruko zifrak ez ditu eskuartean oraindik. Hegoaldeko Gales Berrian gehien kaltetutako estatua, esaterako, 800 milioi animalia hil dira, tartean koalen kopuru osoaren herenak. Gauzak horrela, hainbat herritarrek basoan noraezean dabiltzan koalak hartu dituzte etxean, suteak guztiz itzali eta egoera hobetu arte. Bestalde, ekologian adituak diren hainbat zientzialarik diote suteen eraginez kiskali diren baso askok hamarkadak beharko dituztela beren onera itzultzeko, eta beste batzuek, berriz, mendeak.

Sidneyko Unibertsitateko irakasleak ohartarazi duenez, suteetatik bizirik ateratzea lortu duten animalien bizia jokoan dago oraindik, euren habitata suntsituta geratu baita, eta beraz, gosez hiltzeko arrisku handia baitute. Aste honetan, Hegoaldeko Gales Berria estatuko gobernuak bi tona azenario eta batata baino gehiago bota ditu suteek kiskalitako guneetan bizirik iraun duten animalientzat; esaterako, walabientzat. Walabia kanguruaren familiako espezie bat da, eta tamainaz txikiak dira. Nolanahi ere, Dickmanek ohartarazi du animaliak baliabiderik ez duten eremuetara eraman behar direla. «Bestela, harrapakari handien biktimak izango dira».

Lehortearen eraginez, azken hamarkadetan asko murriztu da Australiako biodibertsitatea, eta herrialdeko animalia ugaztunak desagertzeko indizea gero eta altuagoa da. Horrelako suteek desagertze prozesua areagotu eta azkartu egiten dutela esan du Sidneyko zientzialariak. «Momentu kritikoan gaude. Australia bezalako herrialde handi batean gertatzen ari dena sekulako sarraskia da ekosistemarentzat». Zalantzarik ez du Australiako suteak gizakiak eragindako klima aldaketaren ondorioa dela. «Australian gertatzen ari diren suteek erakusten digute etorkizunean nolako klima aldaketa agertuko den munduko beste lekuetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.