Martin Ugalde Foroa. Nafarroako aldaketa politikoa

Polifoniak eta sintoniak

Nafarroako aldaketa politikoaren indarguneak eta ahulguneak aztertu dituzte gobernua babesten duten lau taldeetako kideek Martin Ugalde Foroan. Orain artekoaz, balorazio baikorra egin dute

EH BIlduko Bakartxo Ruiz, Geroa Baiko Unai Uhalde, Ezkerrako Joseba Ezeolaza eta Ahal Dugu-ko Iñigo Pascual, Andoaingo Martin Ugalde Parkean, atzo. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Andoain
2016ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Aldaketek denbora behar izaten dute egonkortzeko, finkatzeko. «Trantsizio» moduko bat ere bada Nafarroako «aldaketaren» Gobernua egiten ari dena. Berau babesten duten lau indar politikoen ustez, etorkizuneko jokaleku politikoa ari da eraikitzen. Diskurtso berri bat sortzen, bere desadostasun eta ñabardurekin. Eta talkak ere badaude, lau ahotsen artean. Hori guztia islatu zuten atzo lau alderdi politikoetako ordezkariek Martin Ugalde Foroan eginiko mahai inguru batean.

Berriki argitaratu den Nafarroa, orain ala inoiz ez liburua hizpide hartuta, azkenengo urteetan Nafarroako politikan izan den aldaketa aztertu dute EH Bilduko Bakartxo Ruizek, Geroa Baiko Unai Uhaldek, Ezkerrako Joseba Ezeolazak eta Ahal Dugu-ko Iñigo Pascualek. Eztabaida gidatu dute liburuaren egileek, Joxerra Senarrek eta Ion Orzaizek; biak dira egunkari honetako kazetariak. Jakin, Elkar eta BERRIAk elkarlanean argitaratu dute liburua.

Aurrera begira jarri dira laurak. Eta bi jarrera nabarmendu dira: gobernuari ausardia gehiago eskatu diotenak: EH Bilduk eta Ahal Dugu-k. Eta egungoa «sendotu» behar dela uste dutenak: Geroa Baik eta Ezkerrak. «Gauzak aldatzeko, aurrerapauso bat eman behar da. Adorea izango dugu?», galdetu du Pascualek. Eta Ruizek azpimarratu du «konplexuak alde batera» utzi behar direla, eta uneoro oposizioari begira egon gabe lan egin behar dela. Ezeolazak beharrezkotzat jo du gobernua babesten duten lau taldeen arteko desadostasunak «normalizatzea», eta ohartarazi du «hegemonia kultural, politiko eta ekonomiko bati» aurre egitea ez dela lan makala. Uhalderentzat, akordio programatikoa izan behar da «iparrorratza», eta uste du orain arte asko egin dela, aldaketarako «zutabeak» jarri direlako Egiteaz gain, «ongi kontatzea» ere ezinbestekoa dela nabarmendu du Geroa Baikoak.

Metodologia bat

Horiek aurrera begirakoak. Baina eztabaidaren hasieran, atzera saltoa egin dute laurek. 2015eko maiatzaren 24ko hauteskunde eguneko gauean zein sentsazio izan zituzten, burutik zer pasa zitzaien azaldu dute. Tentsio handiko eguna izan zela azpimarratu dute, eta gogoratu dute nola ozta-ozta lortu zuten gobernua aldatzeko aukera emango zuten zenbakietara heltzea —300 botorengatik ez zen Ciudadanos parlamentuan sartu eta aldaketa oztopatu—. «Desioa errealitate bihurtu zela; behingoagatik zortea izan genuela». Hori pentsatu zuen Ruizek. Aurreko egunetan aldaketa posible izango zela sumatzen zuela azaldu du Uhaldek. «Konfirmatu zenean, gogoratu nintzen aurretik saiatu zirenengan eta lortu dugula ikusi ezin dutenengan». Eta Ezeolaza gau horretan bertan konturatu zen «momentu historiko» baten atarian zeudela, baina baita «heldutasun politikoa agertzeko garaia» izango zela ere, eta «denek» jarri beharko zutela beraien partetik zerbait. Pascualentzat, egun «pozgarria» izan zen, baina emaitza hobeak espero zituen: egun oposizioan dauden indarren aldetik, aldiz, kaskarragoak. Eta horrek kezkatu egiten du oraindik ere, aurrera begira jartzen denean. Pascualen arabera, indar korrelazioa «oso hauskorra» da.

Aldaketarako aukera nola eta zerk sortu zuen, horretan ados daude laurak. Ezeoalazaren arabera, arrazoiak asko dira, ez soilik Podemosen sorrera, Pascualek nabarmendu duenez. «Aldaketa soziala ematen ari zen garai batean, protesta garai batean erori zen Nafarroa foralaren mitoa: pobrezia, etxe-kaleratzeak, bazterketa soziala... Nafarroan ere bazegoela ikusi zen». Uhaldek azpimarratu du «betiko erregimenarekiko nekeak» hautestontzietan islatu zela. Eta Ruizentzat ere oso garrantzitsua izan zen aspalditik zetozen borroka guztiek azkenengo urteetan izan zuten goraldia. «Aurreko erregimenak sektore zabal bat baztertu zuen, eta sektore horrek ikusi zuen momenturen batean posible izango zela aldaketa hori».

Ardura eta bertigoa. Hori, berriz, negoziazio mahaian eseri zirenean lau taldeetako kideek sentitu zutena. Posizio eta baldintza ezberdinekin iritsi ziren, eta negoziazioak ez ziren errazak izan, aitortu dutenez. Ezeolazak, baina, azpimarratu du desadostasunak kudeatzeko egin dituzten ahaleginak: bizikidetza ariketa bat izaten ari dela dio. «Oso garrantzitsua da ezberdinen arteko foroak sortzea, eta hori eratu dugu». Ezkerrako kidearen arabera, aldaketa, politikoa ez ezik, pertsonala ere izan behar da. «Besteen lekuan jarri behar dugu, elkar ulertu eta aniztasuna zaindu».

Pascualek gogoratu du Ahal Dugu-koentzat prozesu zaila izan zela akordio programatiko batera heltzea, une horretan alderdi sortu berria zelako eta egiturak sortzeko eta erabakiak hartzeko zailtasun ugari zituztelako. Uhalderentzat, «oso aberasgarria» izan da «ezberdinen arteko» akordioa egin izana. «Ez bakarrik emaitzagatik, metodologia bat hasi dugulako ere».

Ruizek, berriz, azaldu du ezin zutela aukera pasatzen utzi, eta argi zutela «bai ala bai» akordio batera heldu behar zirela. Zailtasunak asko izan zirela gogoratu du. Azpimarratu du laukoa ez dela talde monolitikoa, polifonikoa dela, eta desadostasun handiak daudela. «Eta erabaki mingarri batzuk hartu behar izan ditugu, orekaren eta pragmatismoaren izenean». Uhaldek, berriz, azpimarratunahi izan du gobernuan lehen urtean jarri diren zutabeak; zehazki, UPNren politikei buelta emateko, eta alor sozialean, bereziki. Instituzioen «demokratizazio prozesuan» ere lan nabarmena egin dela dio. Aurrera begira, lau taldeen arteko koordinazio gunearen eta gobernuaren arteko komunikazioa hobetu behar dela nabarmendu du.

Ados dago horrekin Ruiz. Eta Uhalderi gogoratu dio EH Bildu hasieratik izan zela kritikoa ezarri zen gobernu eredu «presidentzialistarekin». Alderdien aldetik gobernuan parte hartzeko kuotak ezarri ez baziren ere, Uxue Barkosen lantaldea «kolore bakarrekoa» dela uste du, eta beste behin keinua egin dio Geroa Baikoari, koalizio gobernua osatzeari begira. «Orain arte bezala, leialak izango gara, baina, aurrera begira, gu prest gaude gobernu honen alde gehiago zikintzeko».

Eztabaida horretan ez dira sartu Ezkerra eta Ahal Dugu-ko kideak. Baina gabezia batzuk nabari dituzte gobernuaren, alderdien eta beste eragile batzuen artean. Ezeolazaren arabera, eragile sozialekin komunikazio hobetu behar da. Pascualek, berriz, azpimarratu du erakundeak herritarrei irekitzeko eginiko ahalegina.

Euskararen «korapiloa»

Legealdi hasierako gai korapilatsuenetako bat izan zen Euskara Legearena. Oposizioak ere maiz erabili du lauren arteko zatiketakbilatzeko. Ruizen ustez, lau taldeek eredu diferenteak dituzte eta horiek uztartzea zaila da. Hala, adostu zuten egungo legetik abiatuta, Nafarroa osoan herritar guztien hizkuntz eskubideak bermatzea. Ruizen arabera, baina, euskara «justizia sozialaren eta demokraziaren parametroetan» kokatu behar da. EH Bildukoak besteei leporatu die gai hori «agenda identitarioan» kokatzea. «Hizkuntza eskubideak eskubide sozialak direla ulertu behar dugu. Parametro horretan kokatu behar dugu, oposizioari jokoa egin gabe».

Ezeolazak «arrisku» bat ikusten dio horri. Historikoko Nafarroan baskimo kulturala politikoa baino handiagoa izan dela uste du berak. «Euskara prestigioa du gizartean, irudi positiboa du. Baina hartzen ditugun erabakiak ez baditugu ondo pentsatzen, kontsentsurako ahalegina egiten ez badugu, oposizioko taldeekin, prestigio horrek behera egingo duelakoan nago. Ez badugu oreka hori ondo neurtzen, arriskua dago kontsentsu soziala ere hausteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.