ELAren XV. Kongresu Konfederala

«Garai atipikoan» bere autonomiari eutsi diola aldarrikatu du ELAk

Gehiengo handiz onartu dute kudeaketa txostena, eta gaur berretsiko dute Mitxel Lakuntza idazkari nagusi karguan. Haren ustez, sindikatuak «nahikotasunez» bete du afiliatuek 2017an emaniko agindua

Mitxel Lakuntzaren atzoko hitzartzeetako bat. Euskalduna jauregiko areto nagusia bete zuten ELAko delegatuak. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
«Garai gogorra, atipikoa eta emankorra izan da». Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak horrela laburbildu ditu sindikatuaren azken lau urte eta erdiak. Pandemiak goitik behar baldintzatu du aurreko kongresu konfederaletik igarotako tartea, baina ordukoan afiliatuengandik jasotako agindua «nahikotasunez» bete dutela uste du. Urte hauetan ELAren afiliatu kopurua handitu egin dela nabarmendu du, eta greben zein zerbitzu juridikoen eraginkortasuna goratu. Era berean, kritiko mintzatu da ezkerreko euskal alderdien inguruan, eta ez ditu ezkutatu LAB sindikatuarekin izandako talkak.

ELAren XV. Kongresu Konfederaleko lehen eguna izan zen atzokoa, eta Bilboko Euskalduna jauregian bildutako 736 delegatuek gehiengo handiz onartu zuten egungo batzorde eragilearen kudeaketa txostena. Gaur batzorde eragile berriaren osaketari buruzko bozketa izango da —hiru aldaketa egongo dira— eta orduan berretsiko dute Lakuntza bere karguan lau urterako. 2019an ordezkatu zuen Adolfo Muñoz, eta hura da lema hartzeko hautagai bakarra.

Lehen egunean, baina, atzera begiratu zuen. Azken lau urteetako errepasoa euskara hutsean egin zuen —hitzaldi guztiak euskaraz izan ziren—, eta hasierako laburpena hobeto azaldu zuen. «Aro gogorra izan da, erasoei aurre egin behar izan diegulako; atipikoa, pandemiarengatik; eta emankorra, erronkak bete ditugulako», zehaztu zuen. Erasoen atalean erakunde publikoen eta patronalaren aldetik jasotakoak nabarmendu zituen: «Gobernuek eta patronalek negoziazio kolektiboa blokeatu egin dute».

Erakunde publikoek pandemian izandako jarrera kritikatu zuen, inbertsio sozialetan ahalik eta gutxiena gastatu zutelako, eta salatu zuen langileen defentsarako neurri bakarrak sindikatuen lanari esker iritsi zirela: «AHTaren lanak funtsezkoak zirela esan zuten orduan; iragan astean, aldiz, bidegorri bat zirela». Patronalaz mintzatzean, aldiz, «sekulako presioa» sartu zuela gaitzetsi zuen, eta enpresari elkarteak «herri honetako lobby eraginkorrena» direla gehitu.

Egoera horri aurre egitea «zaila» izan zen, eta borroka horretako «ezinbesteko bi lanabes» goratu zituen: greba eta zerbitzu juridikoak. Greba kopuruak gora egin duela aletu zuen, eta gatazka asko haiei esker irabazi direla. Besteak beste, Bizkaiko zahar etxeetako langileen 368 eguneko grebaldia hartu zuen gogoan. Zerbitzu juridikoen lantaldea handitu dutela azaldu zuen, 65 kidetik 81era, eta haiek gabe ezin dela ulertu «prekaritatearen aurkako borroka».

Hori guztia, baina, ezinekoa litzateke afiliaziorik gabe, eta haiei esker duten «autonomia» goratu zuen idazkari nagusiak. Haren hitzak berretsi zituen Amaia Muñoa idazkariorde nagusiak, txosten ekonomikoa aletzean: «Ez dugu mailegurik. Ez diogu inori ezer zor. Afiliatuei esker dugu autonomia osoa eta erabakiak hartzeko askatasuna». Azken lau urteetan 100.000 afiliatuen langa gainditu du berriz ELAk, eta %38,85eko ordezkaritza du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Lakuntzak nabarmendu zuen Erriberan ugaritu direla gehien, eta egun ehun ordezkari falta zaizkiola Nafarroan ere ordezkari gehien dituen sindikatua izateko.

Hazkunde hori, hein handi batean, emakumeei esker izan da. Pandemiaren ostean lan baldintzak are gehiago kaskartzen saiatuko direla uste du, eta sindikatuak baldintza okerrenak dituzten langileen alboan egon behar duela. Alde horretatik, kolektibo feminizatuak aipatu zituen, eta sindikatu feminista izateko «konpromiso irmoa» berretsi zuen. Batzorde eragile berria parekidea da, eta egun ELAko afiliatuen %46 emakumeak dira, aurreko kongresuan baino %13 gehiago.

Talkak LABekin

Hitz kritiko guztiak, baina, ez ziren izan erakundeentzat eta patronalarentzat. Lakuntzak ez zituen ezkutatu azken lau urteetan LABekin izandako talkak. Bi aipatu zituen. Baga, 2017an subiranotasunari buruzko agiri bateratua idazten saiatu zirenekoak: «Interpelazioak ezberdin ulertu genituen; batez ere, EH Bilduri egin beharrekoak». Biga, Nafarroan izandakoak: «Nafarroan, arazo handiak izan ditugu LABekin sektore publikoko borrokak aktibatzeko. Nafarroan, arazo handiak izan ditugu beste sindikatuekin». Gaur Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak gonbidatu gisa hartuko du hitza. Ikusi behar erantzungo duen.

Ezkerreko euskal alderdiak ere estu hartu zituen. «Argi esan behar dugu gustatuko litzaigukeela EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek bestelako politika egitea, baina ez dugu hori ikusten». EH Bildu gogor interpelatu zuen Nafarroako Gobernuarekin lorturiko akordioarengatik: «Ez dugu ospatzeko ezer. Atzerapauso lotsagarria da UGT, CCOO eta CENifinantzaketa bueltatu izana». Arnaldo Otegi, EH Bilduko koordinatzaile nagusia aretoan zen.

Agurrean, Lakuntzak batzorde eragilea utziko duten kideen lana goratu zuen, eta aitortza berezia egin zion Mixel Berhokoirigoin zenari. ELB sindikatuko sortzailea maiatzean hil zen, eta «benetako sindikalista» eta pertsona oso berezi gisa deskribatu zuen. «Beroko, ohore bat izan da», izan ziren azken hitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.