Aitziber Laskibar Lizarribar.
ANALISIA

Berriz min hau

2015eko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Duela hiru urteko apirilaren 5eko gauean telefono deia jaso zutenetik, oinazean bizi dira Fina eta Manu, Iñigo Cabacas Lizeranzu Athleticeko zalearen gurasoak. Tristatu egin zaie begirada, eta errazago ikusten zaie negar malkotan irribarre txiki batekin baino. Are, Aste Santua gerturatzen denean. Ertzaintzak jaurtitako pilotakada hark seme bakarra betiko eraman zieneko urteurrena hurbiltzen denean, jasanezina bihurtzen zaie mina. Barruan sartua dute arantza, eta erraietaraino sartzen dien beste kolpe bat sentitzen dute.

Latza izan zen duela hiru urteko kolpea. Barne oinaze saihetsezina eragin zien horrek. Baina oraindik iltzatua duten arantza sobera zegoen, eta ez dakite zer egin horren aurka. Dituzten indar guztiak bildu, justizia eskatzen duten elastikoak jantzi, itsasgarriak jarri, eta ahal duten leku guztietan salatzen dute egoera.

Auziak instrukzio fasean jarraitzen du oraindik: lehen ikerketetan. Duela gutxi jakin denez, gaztea hil zuen pilota jaurti ahal izan zuen ertzain bat identifikatu dute. Garrantzitsua da bota ziren dozenaka piloten artean Cabacas hil zuena nork jaurti zuen jakitea. Baina beste edozein ertzainek tirokatutako beste edozein pilotak ere jo zezakeen ospakizunean ari zen beste edonor.

Irteerarik gabeko leku hartan hala jardutea agindu zuenaren erantzukizun maila handiagoa da. Are, bertan zegoen ertzainburuaren gomendioei muzin eginda kalexkan «guztiarekin sartzeko» behin eta berriz agindu zuela kontuan hartuta. Nahi izatekotan, ez da zaila Ugarteko nor den jakitea, esate baterako. Borondate kontua da.

Erantzukizun politikoak ere argitu behar dira, erabaki jakin batzuek eragin baitzuten gaztearen heriotza eta Ertzaintzaren jardueren ardura duten ordezkariak bai baitaude. Baina, hiru urteren ondoren, ilunkeria da oraindik nagusi. Ertzainek, ertzainburuek, operazioa prestatu zutenek eta agintari politikoek gertaerak ez argitzeko hasieratik hartu zuten jarrerari eusten diote.

Egia da gaztea hil eta hiru hilabetera Rodolfo Aresek, orduko Herrizaingo sailburuak, «barkamena» eskatu ziela gaztearen senideei eta lagunei. Eta egia da geroko sailburu Estefania Beltran de Herediak eta Gervasio Gabirondo ertzainburuak aitortu dutela «egindako akatsa». Baina hori guztia ez da nahikoa erantzukizun guztiak argitzen ez badira. Hitzokin soilik ez baita gurasoen mina arintzen. Gizarte osasuntsuago bategatik azkeneraino eraman beharko litzateke ikerketa. Instituzio, ordezkari eta herriaren zaintzaile izan behar dutenen hobe beharragatik ere bai. Elkarbizitzagatik. Normalizazioagatik. Adiskidetzeagatik. Nork sinets lezake inork egiaren, justiziaren eta elkarbizitzaren alde egindako apustua horren argia den auzian iluntasunean sakontzen jarraitzen bada?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.