Gizon bat atxilotu dute, larunbatean Gasteizen neska adingabe bati sexu erasoa egitea egotzita. Iñaki Gurtubai Herritarren Segurtasunerako zinegotziak Radio Vitorian azaldu duenez, herritarren laguntzari esker atxilotu zuten erasotzailea. Bestalde, 45 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo goizaldean, bikotekide ohiari mehatxu egin eta haren etxeko atean azidoa botatzea egotzita. Armak edukitzeari buruzko agindu judizial bat ere urratu du gizonak.
Kasu horiez gain, Udaltzaingoak jakinarazi du igande goizean 22 urteko gizon bat atxilotu zutela, emakume bati sexu erasoa egitea egotzita. Gasteizko jaiak hasi zirenetik, lau gizonezko atzeman dituzte indarkeria matxista leporatuta. Larunbatean beste gizon bat ere atxilotu zuten, 49 urtekoa, emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta.
Bestalde, Lemoan (Bizkaia) elkarretaratzea egin zuten udalak deituta. Andre batek sexu eraso bat salatu zuen, eta udalak babesa agertu dio.
Zazpi eraso Nafarroan
Nafarroako Foruzaingoak zazpi gizon atxilotu ditu asteburuan, emakumeen aurkako delituak egotzita. Horietako bi Iruñean gertatu dira, bi urruntze neurri hausteagatik. Beran, gizonezko bat atxilotu dute sexu askatasunaren aurkako delitu bat leporatuta. Mutiloan, berriz, beste gizon bat atzeman dute, emakume bati eraso egin eta harengandik aldentzeko agindua urratu duelakoan. Lizarran ere gizon bat atxilotu dute, emakume bati eraso egitea leporatuta. Gainera, beste gizon baten inguruko ikerketa abiatu dute: gizonak bikotearekin izandako sexu harremanak grabatu zituen sakelakoa erabiliz, emakumearen baimenik gabe.
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, adingabe bati sexu erasoa egitea egotzita
Gasteizko festak hasi zirenetik, lau sexu eraso salatu dituzte. Nafarroan zazpi gizonezko atxilotu dituzte emakumeen aurkako delituak egotzita

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu