Nafarroako 3.706 ikaslek hasi dute unibertsitatera sartzeko ebaluazioa

Gaurtik aurrera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 12.767 ikasleren txanda izango da. Ikasleen %64k euskaraz erantzungo diete azterketei

Nafarroako ikasleak USE proba egiten, atzo goizean. JESUS DIGES / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Selektibitate gisa ezagunagoa den USE unibertsitatean sartzeko ebaluazioko azterketak izango dituzte asteon Hego Euskal Herriko 16.473 ikaslek. Nafarroakoak izan dira lehenengoak: atzo ekin zieten probei 3.706 ikaslek, eta bihar amaituko dituzte. Gaur, bihar eta ostiralean izango dituzte azterketak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 12.767 gaztek. Horiez gain, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak jakinarazi duenez, aurreko ikasturteetako 585 ikasle ikasgai batzuetan nota igotzera aurkeztuko dira.

Nafarroako ikasleek ekainaren 15etik aurrera jakingo dituzte azterketen emaitzak, eta egun bat geroago Arabakoek, Bizkaikoek eta Gipuzkoakoek.

Hizkuntzari dagokionez, euskara izango da USEn nagusi: %64k euskaraz egingo dituzte probak. Ikasleen ezaugarriei erreparatuta, emakume gehiago aurkeztuko dira gizonak baino. Hain zuzen, %58 izango dira emakumeak.

2021ean eta 2020an ez bezala, aurten ez dute proba pandemiara egokitu beharrik izango. Horiek horrela, oro har, EHUko eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko eraikuntzak soilik erabiliko dituzte, baina Eibarko (Gipuzkoa) Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta Uni Eibar-Ermua ikastetxeak ere azterketetarako atondu dituzte. Halaber, aurreko bi urteetan bezala, probak malguagoak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.