Qatarko Munduko Kopa. C multzoa

Argentina. Denen batura, garaiari agurra, eta garaikurra

Katramilak ohikoak dira Argentinako selekzioaren jiran, baina, oraingoan, zuri-urdinek bat eginda helduko diote Munduko Kopari. Ziurrenera, Leo Messiren azken txapelketa izango da.

Lionel Messi, Argentinako selekzioak Dohan egindako entrenamendu batean. NEIL HALL / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Kelly de Olmos Argentinako Lan ministroak joan zen astean egindako adierazpenek argi adierazten dute herrialde horretakoen aldartea: «Hilabete gorabehera ez da aldaketa handirik egongo. Gero jarraituko dugu inflazioa murrizteko lanean, baina, lehendabizi, Argentinak irabaz dezala». Han, urte arteko KPI indizea %88 hazi da urrian. Garai ekonomiko makurra da, baina ministroaren esanak pista bat ematen du argentinarrek udazken honetarako duten esperantza nagusietako baten inguruan.

Izan ere, futbolzaleen sentimendua bor-bor ari da pasioaren herrialdean. Lionel batek besteari zor, Scalonik talde garailea ondu du Messirentzat. Ezustekorik ezean, Paris Saint-Germaineko jokalariak azken Munduko Kopa jokatuko du bere herrialdearekin, eta haren neurriko taldea osatu du hautatzaileak.

Argentinako futbolak zenbait ezaugarri ditu bere-bereak. Pasioa da bat. Sarri aldagelaraino hedatzen den elkar ezinikusia, bestea. Oraingoan, baina, teknikariak egoera iraultzea lortu du, eta batasun irudia ematen ari da taldea. Guztien gainetik, Messi. Rosariokoak Munduko Kopa falta du garaikur nagusi guztiak eskuratzeko, eta azken aukera du: «Lehen, selekzio bat ziren, eta orain, berriz, talde bat. Esanahi handia du horrek. Gehitu horri argentinarrok berezko dugun grina, eta jokalari hauen kalitatea. Helburua lor dezakegu», esan zuen larunbatean Sergio Kun Aguero Kun selekzioko jokalari ohiak, bere Twitch kanalean egindako adierazpenetan.

Aguero Qatarren dago txapelketa segitzen, eta baita beste 38.000 herrikide ere. Beste behin, Argentinako zaleak izango dira Munduko Kopako jendetsuenak, garaikurra lortzeko helburuarekin. Guztiak elkar hartuta, gozotik osatu nahi dute bide hori.

Horretarako, era-erako multzoa dute zuri-urdinek. Scalonik teknikari kargua hartu zuenetik 36 partida jokatu dituzte alerik galdu gabe. Hain justu ere, Scaloni behin-behineko entrenatzaile gisa jarri zuten karguan, Jorge Sampaoli ordezkatzeko, baina postuan mantendu zuten egindako lan ona tarteko.

Prestatzaileak 26 futbolariko deialdia osatu du Munduko Koparako, eta toki askotan joka dezaketen futbolariak dira haietako asko. Erasoko jokalariek dute taldearen gidaritza: Messiz gain, Paulo Dybala, Angel di Maria, Lautaro Martinez eta Julian Alvarez nabarmentzen dira lantegi horretan.

Dena den, esperientziak ere pisu nabarmena du argentinarren aldagelan. Nicolas Otamendiren eta Lisandro Martinezen parte hartzea da horren adibide. Alabaina, teknikariak jokalari zerrenda moldatu behar izan du Qatarrera ailegatu eta gero, Nicolas Gonzalezek eta Joaquin Correak min hartu dutelako. Haien ordez, Angel Correa eta Thiago Almada deitu ditu.

Ordena ala sormena

Izenen zerrenda baino gehiago, jokalarien arteko hartu-emana da Argentinaren indargune nagusia. Scalonik hori baliatzen du joko sistema ezartzeko orduan, baita egoeraren arabera hura egokitzerakoan ere. Oro har, 4-3-3 da Scalonik soropilerako hobesten duen marrazkia, betiere Messiri sormenerako tartea utzita, puntaerdi dinamikoaren lanak egiteko. Bestela esanda, Scalonik askatasun osoa ematen dio, bere abileziarekin aurkariaren defentsako zirrikituak baliatu ditzan.

Halaber, 5-3-2 da entrenatzaileak baliatu ohi duen beste sistema bat, aurrelarietako batek erdilariekin lotura lanak egiten dituela. Tarteka, 4-2-3-1 ere baliatzen du, bi euskarriren aurretik jokalari bat ezarrita, eta 4-4-2 klasikoaren alde ere egiten du sarri. Halakoetan, Messi izaten da aurrelari, Lautaro Martinezekin batera.

Agerikoa denez, Messik eta beste hamarrek jokatzen dute Argentinako selekzioan. 2014an txapeldunorde izan ostean, 2018an kolpe gogorra hartu zuten, Frantziak kanporatu baitzituen final-zortzirenetan. Ziurrenera, Messik gaur abiatuko du bere azken txapelketa, ametsa bete nahian. Inflazioa inflazio, 38.000 zaleak kantuan ari dira Dohan: «Ilusioa dugu berriz ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.