ZERGA KREDITUAK

2021eko urriaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zer da zerga kreditua?

Ez da kenkari bat. Sozietate zergan urte batez galerak edo oinarri likidagarri negatiboa izanez gero, ogasunak konpentsatu egiten die hori, epe zein kopuru muga batzuk ezarrita.

Zein dira baldintzak?

Nafarroan, galerak ondorengo hamabost urtean konpentsatzeko aukera ematen die ogasunak enpresei: tamainaren arabera, %25 eta %70 artean arindu dezakete oinarri likidagarria, gehienez milioi bat euroko mugarekin. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan epea 30 urtera handitu dute, eta ez dago mugarik zehaztuta.

Nola aplikatzen da?

Bi modutan egiten da: galerak aurreko urteetan izandako irabaziekin konpentsatuz, edo etorkizuneko mozkinekin. Lehen aukera debekatuta dago Nafarroan, Europako herrialde askotan bezala, baina pandemian, Europako Batzordeak aukera eman du 2020 eta 2021eko galerak aurreko hiru urtetako galerekin konpentsatzeko, likidezia berehala bermatzeko.

Zenbat euro konpentsatzen dute?

Nafarroan, 2019ko azken datuen arabera, 459 milioi eurokoa izan zen konpentsazioa. 2012an, berriz, 1.376 milioi eurokoa izan zen kopurua. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako daturik ez dago.

Europan aplikatzen al da?

Bai, baina mugekin. Alemanian, kasurako, ez dago epemugarik, baina gehienez milioi bat eurorekin konpentsatu daiteke. Normalean, epea zabalduz gero, kopurua mugatzen da, eta, epea mugatuz gero, kopuruarekin malguago jokatzen da. Salbuespena Irlanda da: ez du epemugarik eta kopuru mugarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.