inaki petxarroman
HIZPIDEAK

TV3

2017ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Demokrazia eta legea ahots gora darabilten Espainiako alderdi nagusiek, PSOEk eta PPk, adostu dute zer tresna erabiliko dituzten Kataluniako Generalitatea «legera itzularazteko». Mossoak euren gain hartzeaz gainera, bestelako jomuga bat ere iragarri dute: TV3 telebista publikoa. Polizia autonomikoa kontrolatzeko lana posible dirudi; besteak beste, beste indar polizial batzuetako buruak erabiliz.

Zailago dirudi, ordea, telebista publiko baten kontrol efektiboa hartzea. Zer kazetari, tertuliakide, iritzi emaile eta beste animatuko da PSOEk, PPk eta C's-ek nahi duten telebista eredu espainiarra egunero-egunero ezartzera bilera, batzorde eta erredakzio kontseiluetan?

Jakinekoa da Espainiako demokraziari ez diola eskuak dardar egiten gustuko ez dituen hedabideak itxi eta arduradunak espetxera eramateko. Egin eta Euskaldunon Egunkaria dira horren lekuko. Alabaina, Katalunian TV3k daukan itzal, prestigio eta hedadura soziala kontuan edukita, ia ezinezkotzat jo liteke Madrilek buruan daukan esku hartze hori, katalanezko eguneroko emisioari eutsi nahi badiote, behintzat. Monica Terribas telebista kateko zuzendari ohiak BERRIAn 2016an esan zuenez, TV3, Catalunya Radio eta gainerako hedabide publikoek «gizarte kritiko eta sozialki aktiboa lortzen lagundu dute, besteak beste ANC sortu duena». Espainiako demokraziak ezin die halakorik barkatu. Are gutxiago, audientzia liderrak izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.