mikel p ansa
HIZPIDEAK

Giltzak

2017ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Hauteskundeetako zifrak gora eta behera, eta emaitza beti bera da: Espainiak erabaki du jokoa, Espainiak zehaztu ditu arauak, eta Espainiak jarri ditu epaileak. Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du kalamu elkarteen jarduera arautzeko Nafarroako Parlamentuaren legea; beste legeak etorriko dira atzetik. Fracking-arekin, poliziaren biktimekin, pobrezia energetikoarekin eta beste lege askorekin bezala. Ez da kasualitatea Eusko Legebiltzarraren, Nafarroako Parlamentuaren eta Kataluniako Parlamentuaren legeak dozenaka pilatzea Auzitegi Konstituzionaleko karpetetan. Eskumenen gaineko zalantza bat dagoen bakoitzean, Espainiak beretzat hartzen ditu; sekula ez dago eztabaidarik, ez aldebiko bilerarik, ez eztabaidarako aukerarik: helegitea jarri, eta Konstituzionalak arrazoia eman, horrela funtzionatzen du autonomien estatuak. Posible da Gernikako Estatutua, lege organiko bat dena, 40 urtez bete gabe edukitzea, eta kupoaren negoziazioak nahi beste atzeratzea. Hor ez du Konstituzionalak inoiz esku hartzeko asmorik izaten. Andaluziak berritu dezake bere estatutua, baina Kataluniak eta Euskal Autonomia Erkidegoak tutelatuta egin behar dute. Erabakitzeko eskubidea estatutu berriaren testuan jasoko dutela iragarri dute EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aste honetan. Ez zaio lanik faltatuko Auzitegi Konstituzionalari. Baina burujabetzaren bidean aurrera egin nahi dutenek beste zerbait asmatu beharko dute, kaiolaren giltzak beti esku beretan daude eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.