inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Kaltea egina dago

2018ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak kolpe gogorra eman dio berriz Espainiari. Errege-erreginen argazki bati su ematea adierazpen askatasunaren eta kritika politikoaren eremuan sartzen dela ebatzi du, Espainiako auzitegiek hartutako erabakia zuzenduta.

15 hilabeteko zigorra ezarri zien Auzitegi Nazionalak irain delitu batengatik Enric Stern eta Jaume Roura independentista katalanei, eta 2.700 euroko isun bat ordaintzera behartu zituen, kartzela saihesteko. «Intolerantzian oinarritutako gorrotoa» sustatzea egotzi zien. Konstituzionalak berretsi egin zuen epaia. Estrasburgoko auzitegiaren ustez, baina, «monarkiaren kritika politiko bat» baino ez zen izan ekintza hura.

Espainian disidentzia politikoaren aurkako egur zaparrada erortzen ari den garai batean iritsi da sententzia hau. Ehunka lagun inputatu dituzte Katalunian prozesu independentistaren harira: irakasleak, zinegotziak, pailazoak... Zigor gogorrak jartzen ari dira Espainian musikari, artista eta twitterlarien aurka. Gorroto delitua, berezko izaeratik urrunduta —talde baztertu edo gutxituetako kideen aurkako erasoak—, disidentzia politikoa eta adierazpen askatasuna kolokan jartzeko erabiltzen ari direla salatu du Amnesty Internationalek. Eta ondo dator Estrasburgoren esku hartzea, baina huts handi bat du: kaltea egina dago, eta egiten jarraitzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.