mikel p ansa
HIZPIDEAK

Itsumena

2018ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Betiko gidoia errepikatu du Espainiako Gobernuak: gauzak egokien jarri zaizkionean, arerioari indarrak biltzeko aukera eman. Jota zegoen independentismoa joan den ostegunean; Jordi Turullen inbestidura pikutara joanda, subiranisten arteko pitzadurak inoiz baino ageriago, eta estrategia bat adosteko modurik inon sumatzen ez zela; JxCren eta ERCren orain artean ezer adosteko zailtasunei CUPekin itun bat egiteko ezina gehitu zitzaion, eta bide itsuan zegoen independentismoa. Puigdemont atxilotzeko erabakiak itzuli egin die falta zuten arnasa, eta bidea argitzen hasteko aukera eman die: presidente bat atxilotzea ez da broma bat. Kalean ikusi da amorruzko erantzuna, eta instituzioetara bideratu nahian ari dira orain. Erdi hilda zegoen eskubide demokratikoen aldeko balizko fronte horri ere arnasa eman dio Rajoyk. Betiko gidoia da: arerioa itota irabazteko aukera duenean, harrotu egiten da Espainiako Gobernua, eta zanpatzen jarraitzea besterik ez zaio okurritzen. Kataluniako prozesua ataka estuetan egon da sarritan, gehienetan independentisten euren arteko ezin adostuengatik; baita Espainiak estutu dituelako ere; baina Espainiak, azkenean, hainbeste estutu ere izan ditu, diferentziak bazterrean uztera behartu baititu behin eta berriz. Azkenean, Rajoy bera da katalanak etengabe aurrera eta aurrera bultzatzen ari dena. Puigdemonten inbestidura ezinezko bihurtu ondoren, Puigdemonten inbestidura ezinbesteko bihurtu du. Berak bakarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.