Ainhoa Oiartzabal Azketa.
HIZPIDEAK

Boterearen jokoan

2017ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Bi alde hamarkada luze batez ados jarri ez diren gai batean akordio bat egitea bada albiste —batik bat, botere gehien duen alde batek menera daukan beste aldeari inposatu dizkionean bere irizpideak—. Beraz, oso albiste garrantzitsua da, herenegun, Espainiako aurrekontuei buruzko eztabaidaren bezperan, Cristobal Montorok —Espainiako Gobernua— eta Pedro Azpiazuk —Eusko Jaurlaritza— kupoaren gainean erdietsi zuten akordioa. Behingoan, 2007tik kitatu gabeko kontuak argitu dituzte. Ondorioa: 1.400 milioi euro pagatu beharko dizkiola Madrilek Gasteizko gobernuari.

Akordioa albistea badela ezin da ukatu; besterik da, ordea, albistea zenbateraino den berria. Hau da, urteetan zegokiona eskatu eta eskatu aritu ostean, azkenean eskaturiko hori lortzea zenbateraino den ospatzeko modukoa. Akordioa lortu dutenek ez dute zalantzarik: «bikaina» dela esan zuen atzoko agerraldian Aspiazuk. Espainiako Gobernuak ere atera du berea kupoaren negoziaziotik: EAJren bost diputatuek babestu egingo baitituzte PPren gobernuaren aurrekontuak.

Politika hori dela esango dute politikariek —«momentuak ondo irakurtzea», «unea baliatzea» eta antzeko esaldiak entzun ziren atzokoan—, hau da, zein botere harreman dauden kontuan hartu eta horrekin jokatzea norberaren interesen alde. Noski, botere harreman horiek onartuz eta erabat legitimatuz.

Eta hor sortzen dira zalantzak: batetik, alderdi politikoen arteko pultsu joko horietan jokatu behar al diren herritarren egunerokoa epe luze baterako baldintzatzen dituzten auziak; eta, bestetik, joko taula horiek onartzeak ez ote dituen betikotzen menpeko harremanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.