mikel p ansa
HIZPIDEAK

Soldata libreak

2018ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Merkatu libreari hortzak ikusi dizkio Cebek Bizkaiko enpresarien elkarteak, eta izutu egin da. Kapitalismoaren oinarri filosofikoen arabera, merkatua libre utziz gero, eskaintzaren eta eskariaren legeek orekatzera joko dute, konpetentziari esker. Bada, langileen soldaten merkatuari badagokio, libertate hori ez du gustuko Cebekek. Enpresariek uste dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 100.000 lanpostu bete beharko direla datozen urteetan, eta komeriak izango dituztela enplegatuak kontratatu ahal izateko. Abisatzen ari dira azkeneko asteotan, eta atzo Iñaki Garcinuño Cebekeko buruak esan zuen administrazio publikoaren lan eskaintza publiko «handiek» ez dutela laguntzen. Argi esanda: gazteek diru gehiago kobratu eta ordu gutxiago lan egin nahi dutela, eta sektore pribatua ezin dela lehiatu publikoarekin horretan.

Enpresariek eurek aitortua: zailtasunak dituzte kontratazio batzuk egiteko, hautagaien ustez soldatak eskasegiak direlako. Bada, horixe da merkatu librea: langabezia gutxiago baldin badago, lan egiteko aukera gehiago, eta lan indarra garestiago saltzeko aukera dute langileek. Enpresariei ez zaie asko gustatuko, baina arauak ez zituzten langileek jarri. Aise konponduko litzateke merkatu librea desegin eta soldata unibertsalak ezarriko balira. Utopikoa eta irreala eman dezake proposamen horrek, baina utopikoagoa eta irrealagoa da iradokitzea administrazio publikoaren lan eskaintza publikoak mugatu beharko liratekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.