Kristina Berasain Tristan.
Qatarko Munduko Kopa. WAQIF ZOKOTIK

Zirrikitua

2022ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Norbaitek esan izan balit kirol sailean zutabe bat idatziko nuela, ez nioke inondik inora sinetsiko, baina bizitzak gu harritzeko gaitasuna dauka beti. Dena dela, erronkari baiezkoa eman badiot ez da kirolaz idaztera noalako, baloi batekin jokatzen denetik haratago ez baitakit ia ezer futbolaz.

Munduko Koparen kokapena da gakoa. Nazioarteaz dudan ezagutza futbolaz dudana baino pixka bat zabalagoa da, baina bizi ditugun une konplexu hauetan, niri bederen munduko geopolitikak gero eta zalantza gehiago sortzen dizkit. Ruper Ordorikaren kantak dioen bezala, nik ere nahi nituzke halako segurtasunak eduki, baina ziurgabetasun garaiak bizi ditugu.

Eta Qatarrez aritzea han sekula egon gabe akaso arinkeria ere bada. Ez da erraza sekretismoz, opakutasunez eta obskurantismoz gobernatutako herrialde horretan arrakala bat zabaltzea, baina zutabe honetatik zirrikitu batetik begiratzeko ahalegina egingo dugu.

Dohan dagoen azoka zaharrena da Waqif. Bertan egongo bagina bezala begiratuko diogu petromonarkia feudal eta teokratiko horri. Itxura batean fantasiazko hiri bat dirudi. Disneyland eta Las Vegas arteko hibrido kitsch bat. Baina luxu arranditsu horren azpian askatasunik gabeko diktadura bat dago. Emirren erregimena.

Momentuz agerikoa dena da zuriz jantzitako xekeek aski diru izan dutela isiltasuna erosteko, edo, beste era batera esanda, munduak dirutza onartu duela isiltasunaren truke. Lausenguak nahi izaten dituzte batzuk egia baino gehiago.

Ikusi ditugu egunkarietako azalak odolez zipriztindutako baloiekin eta irakurri ditugu giza eskubideen urraketak salatzen dituzten editorialak eta erreportajeak, baina salaketa eta boikot pertsonaletatik haratago, beste ezer gutxi.

Munduak, beste behin, ez ikusiarena egin du. Akaso hori baita munduko kirol praktikatuena: ez ikusiarena egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.