inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Herri bat, Altsasuko gazteekin bat

2018ko apirilaren 15a
00:00
Entzun

Dozenaka mila lagunek babestu dituzte Altsasuko gazteak, kaleko jantzitako hainbat guardia zibilekin herriko taberna batean izan zuten liskarraren gertakariengatik Auzitegi Nazionalean epaitzen hasi bezperan. Euskal Herriko hiriburuan inoiz egindako manifestaziorik jendetsuenetako bat izan da, eta, kantitatea ez ezik, nabarmentzekoa da babesaren zabaltasun politikoa ere, gobernu, alderdi, sindikatu eta gizarte eragile ugarik bat egin baitute aldarriarekin.

Izan ere, euskal herritarrek badakite bidegabekeria handia egiten ari direla gazteekin. Haietako hiruk 516 egun bete dituzte badaezpadako espetxealdian, eta egozten dizkieten delituen larritasuna edonor ikaratzeko modukoa da. Horregatik, gertatzen ari denaren neurria ematen du ETAko biktima batek, Gorka Landaburu kazetariak, atzo txio batean idatzi zuenak: «Terrorismoa banalizatzea irain bat da haren biktimentzat. Astelehenean hasten da epaiketa bat Altsasun guardia zibil batzuk jo zituzten gazte batzuen aurka. 375 urteko zigorra eskatzen diete. Beste astakeria bat!».

Herri erantzuna izan da Iruñekoa. Euskal herritarrek bai baitakite bihar Auzitegi Nazionalean epaituko dituzten gazteei ez lieketela terrorismoa leporatuko, Altsasukoak izan beharrean, Espainiako edozein herritakoak balira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.