mikel p ansa
HIZPIDEAK

Denbora

2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Kasualitateak ere erein egin behar dira; bilatu ezean, ez dira etortzen. Horregatik, seguru asko, ez da kasualitatea soilik izan ETA itzaltzearekin batera Kataluniako independentzia asmoak piztea; horregatik, seguru asko, ez zen kasualitatea soilik izan Espainian M-15 izena hartu zuen mugimendu hura loratzea; horregatik, ezin da kasualitatea izan pentsiodunek berriro ere kaleak betetzea eta espaloiak itotzea; eta seguru ez dela kasualitatea mugimendu feministak urteotan hartu duen indarra. ETAk agenda mediatikoak eta politikoak bete ditu urte askoan. Jende askoren era askotako sentimenduak eta bizipenak baldintzatu eta markatu ditu. Aste honetan, ofizialki desegin da. Baina sentsazioa da herritarrek aspaldi jo zutela ETA desegintzat; pixkanaka beren sentimendu eta bizipenetatik desplazatuz joan direla gatazka eta hari lotutakoak, eta beste gai batzuk hasi direla indarra hartzen agenda pertsonaletan; eta pertsonaletatik politikoetara jauzi egin dutela. Duela gutxi arte bigarren mailakotzat jotako gai askok datozen urteetan protagonismoa eta indarra hartuko duten itxura hartzen ari da. Ikusi besterik ez dago: apirilaren 20tik, hamar egunean, lau emakume hil dituzte gizonek; duela hogei urte albiste laburretarako gai doi-doi izango zirenak lehen mailako arazo eta albiste bihurtu dira. Azkenean. Autokritikak, bai, era askotakoak egin beharko dira. Eta memoria ariketak ere bai. Baina denborak jarriko du gai bakoitza bere lekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.