inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Autonomia lepatua

2018ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Berriro ere Auzitegi Konstituzionala. Eta berriro ere euskal erakunde batek, bere legitimitate osoz, aurrera eramandako lege bat. Oraingo honetan, euren jatorri, adin edo egoera legala gorabehera, osasun arreta unibertsala erroldatutako herritar guztiei bermatu nahi zien Nafarroako legeari moztu dio burua Konstituzionalak; bere iritziz, ez delako bateragarria Espainiako legearekin.

Aurretik gauza bera egin zuen Eusko Legebiltzarrak onartutako osasun legearekin ere, hark osasun arta bermatu nahi izan zielako egoera irregularrean zeuden immigranteei.

Batetik zein bestetik jasotako aizkorakaden ondorioz, zuhaitz lepatuaren traza hartzen ari dira Hegoaldeko erakundeak. Espainiak emandako eskuduntzetan ere ezin dute legerik egin, baldin eta Espainiakoarekin guztiz bat ez badator. Hala gertatu da Nafarroako eta Eusko Legebiltzarreko fracking-aren aurkako legeekin, etxebizitza legeekin eta beste hainbatekin.

Eta kezkagarria da, hemen aurrera ateratzen diren legeak bermatzaileagoak izaten direlako normalean herritarren eskubideei dagokienez. Baina are kezkagarriagoa da zalantzan jartzen ari direla Hego Euskal Herriko erakundeek duten autonomia. Autonomiari ez ezik, aldebikotasunaz harrotzen direnei ere lepoa mozten baitie Konstituzionalak, halako ebazpen bat ematen duen aldiro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.