Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Galderak eta gehiago

2017ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Nork erabaki du Euskalduna naiz eta zu? saioa erabiltzea euskaldunok eta espainiarrak elkarren aurka jartzeko? Eta horren ondorioz euskaldunok euskaldunon aurka jartzeko? Zein da horretarako benetako arrazoia? Honetan ere, estereotipoetatik urrundu eta atzeman ote daiteke sakoneko arrazoirik lerroen artean irakurrita? Erokeria al da ongi planifikatutako estrategia dela pentsatzea? Zenbaterainoko gaitasuna du esku ikusezin horrek domino fitxa bakarra mugitu eta hain denbora gutxian beste hainbeste mugiarazteko? Zergatik erabaki du atalaren emanalditik hilabetera bihurtzea gaia hil ala biziko? Ekintza xalo eta soltea edo katearen begi bat gehiago da? Hainbeste erabaki hartzeko dagoen garaian, ez ote da abiapuntu batzuk inposatzeko modua? Nondik bota dira harriak? Non eta nor jo dute? Harriak bota dituztenek ikusi al dituzte sei atalak? Eta Espainiari buruzkoa? Harrikadak sortutako pitzadura aprobetxatuz kristala puskatzen lagundu duten horiek ikusi al dute emanaldirik? Ohartzen al dira haiekin berdin jokatzen dutela? Eta gurean? Ikusi al da gurean emanaldia hura saretik erretiratu aurretik? Eta hala bada, zergatik ez zuen inork txintik esan hari buruz? Zergatik ez zen orduan erabakirik hartu? Zenbateraino dira zenbaitzuk kanpoan izan dezakeen eraginaren beldur? Zer dela-eta erabakitzen du norbaitek azalpenik eman gabe emanaldia saretik kentzea? Zer adierazten du horrek? Ez ote da bidegabekeria elikatu eta egoera gehiago nahastea? Sinesgarria al da aldi berean adieraztea emanaldia mingarria izan daitekeela eta modu interesatuan irudi okerra sortzeko baliatu dela?Nor uzten da babesgabe horrelako gauzak esanda? Zergatik mintzatu dira EITBko zuzendariaren alde eta ez saioko protagonisten edo gidoilarien alde? Ezarriko dituzten kontrol neurrietan mugatuko al da aitaren eguneko iragarkietan gizonak eta brikolaje erremintak indarrez ezkontzea? Nola kontrolatuko dira eztabaidetako iritziak? Nork erabakiko du? Espainia eta espainiarrek nahi dutena soilik al dira zaintzekoak? Noizbait egingo al dugu bat erasoen aurrean? Noiz kontrolatuko dugu hori? Zergatik justifikatu behar ditugu hainbat adierazpen, badaezpada, haien desegokitasuna onartu edo umorearen testuinguruan kokatuz? Egindako erasoa ez al da besterik gabe arbuiatzekoa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.