gorka julio
IRLEN SAREA

Eta hurrengoa, noiz?

2016ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Ia 15 urte pasa dira Software librearen euskal mintegiaren lehen edizioa jarri zela martxan. Garai hartan Nestor Garairen eta IƱaki Alegriaren bultzadaz, UEUren laguntzaz, egituratzen hasi zen errealitateberri bat, hemen ere, hedatu behar zela ulertu zuten. Aurten hirugarren edizioa egin da, teknologia libreak abizena ere gehituz eta denbora asko pasatu bada ere, beharra eta indarra bazegoela ikusi ahal izan dugu.

Hirikilabs txiki gelditu zen, beteta, kanpoan gelditu behar izan zutenen penarekin, baina arrakastaren sorpresarekin. Goiza tailerretan joan zen Rodrigo Agerriren ixa-pipes, Ekaitz AstizenTDD-BDD metodologiak, Maider Likonaren Guifi.net sarearen azalpenak eta Jabi Luengo Gauzen Internet merke baten aukerak azalduz. Proiektu errealak, martxan daudenak eta gure ezagutzak partekatzearekin soilik garatzen hasten diren horietakoak. Bakoitzak bertan probatutakoaz gain, etxerako lan batzuk, gogozko lanak hauek, eraman zituztela askok seguru.

Bazkariaren ostean, hamaika hitzaldi labur, hainbat arlotakoak. Multzokatzen saiatzeagatik, hizkuntza, hezkuntza, webguneei lotutako esperientzia zehatzak eta teknikoagoak garapen eta ezarpenak egiteko ingurunei buruzkoak, hardwarea ere lotzen zuten beste batzuekin batera. Maila profesionaletik batzuk eta afizioa den lanetik beste batzuk, baina gehienak behintzat ezagutza metatu bat erakusten zutenak, baina baita grina ere.

Lehen jardunaldi horren ondorioak irakurrita, gutxi aurreratu dugula eman dezake. Aipatzen ziren erronkak hor jarraitzen dute, egia da: administrazio publikoan software librea txertatu, gai hauetan hezkuntzak daukan garrantzia, inplikazio falta nabaria erakundeen aldetik... Baina sortu ditugu egitura profesionalak eta egituratzen jarraitzen dute komunitateak; berebizikoak gure kasuan. Jendea eta ezagutza baditugula, alegia.

Horrelako foro baten beharra sumatzen genuen batzuk, uste dut erantzuna ikusita eta amaierako batzuk entzunda, errepikatu beharrekoa dirudi. Lehen helburua, berriro ikustea, aurpegia jartzea eta ezagutzea izan bada, hurrengoan erronka handiagoei erantzungo dioten estrategietan sakontzeko balio behar du. Izenburuko, Burujabetza teknologikoaren bidetik errealitate bihurtzeko. Ditugun pertsonekin, aurrera egin dezakegula argi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.