gorka julio
IRLEN SAREA

Blogak ideia bezala

2016ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Gorka Salcesek argi eta garbi azaldu du bere tesian orain arte intuizioa zena: sare sozialetako elkarrekintzak hedabide handiei mesede egiten die. Hau da, hedabide eta eduki metatzaile handiek beraiei buruz hitz egiten dugunean, indartsuago egiten ditugu.

Esango nuke hedabide handiei, ez ezik, hedabideei orokorrean egiten diela mesede. Internet zerbait bada, izaera banatuko sare bat da, non bitartekaritzak, paperik badu, balorea eman behar dion bere funtzioari. Blogak, adibidez, bitartekaritza zuzenik gabeko sorkuntza esparru bat izan ziren. Sare sozialengatik ordezkatzen hasi ginenean, birzentralizazio bat ematen hasi zen.

Beharbada bakoitzak bere bloga izatearen desio hura ez zen zuzena, baina edukia partekatzeko sortu egin behar da, eta horiek inoiz baino eduki gehiago sortu zuten. Arazoa ez da agian edukia sortzeko mekanismo anitzak izatea. Internetek aukera hori ematen digu, eta eskerrak. Arazoa edo arazoari erantzun bat bilatzeko bidea kontsumoak metatzea izan daiteke.

Sortzaileak behar ditugu, informazioa sortuko dutenak bai, baina, nola ez, beste mota bateko sorkuntzak egingo dituztenak, blog indibidualak, kolektiboak, musika, irratsaioak, webseriak... Ahalik eta sortzaile gehiago, hobe. Sortzaile hauen sorkuntza asko audientzia gutxikoak izango direla jakin behar dute, eta arrakasta lortzen dutenek, aldiz, aukera, baliabide edo zorte gutxiago izan dutenei laguntzeko ardura.

Horientzako publikoa bilatzean dago gakoa, eta horretan agregatzaileak behar ditugu. Audioen munduan Ivoox.com, testu idatzietan Medium.com, ikus-entzunezkoenean Netflix eta antzeko plataformak horixe egiten dute. Beharbada hori da falta duguna euskaldunok, masa kritiko hori bilatuko duen agregazioa.

Elkarrekikotasuna ere garrantzitsua izango da. Kontsumoak batzea lortuz gero, zein ekarpen egingo diote hauek sortzaileek bere lanak egiten jarrai dezaten? Lan libreek, publikoek eta pribatiboek tratu bera merezi dute? Ziklo ekonomikoa itxi behar da hemen ere. Ez da erraza, beti dago gainera zerbait handi eta bakarra, esfortzuak norabide bakarrean bideratzeko inpultso madarikatu bat. Blogek pista asko eman zizkiguten, ideia bezala berreskuratu eta blogen filosofian zeuden gauza on eta txarrak aztertuta zerbait berria sor dezakegu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.