KRITIKA. Musika

Egitarau popularra

2015eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
BOS

Egitaraua: Richard Wagner, Franz Lizst eta Nikolai Rimski-Korsakofen lanak. Zuzendaria: Andrew Gourlay. Pianista: Stanislaf Kiristenko. Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo. Eguna: apirilaren 17a.

Bilbao Orkestra Sinfonikoa sendo agertu da Andrew Gourlay gaztearen zuzendaritzapean eta publiko zabalarentzat eginiko egitarauan. Baina horrek ez du esan nahi lanak errazak zirenik. Izan ere, kolorea eta birtuosismoa ziren kontzertuaren ezaugarri nagusiak, eta bai orkestra batentzat eta bai bakarlari askoentzat dema handia izaten da. Hasierako piezan, musikariek Richard Wagnerren Tanhauser operaren Obertura ponpoxoa jo zuten, modu zuzenean. Bertan, orkestra sinfonikoak dituen baliabide guztiak martxan jartzen dira, erredentzioa, bakanala eta erromesaldiaren motiboak azalera ateratzeko. Zailagoa da, berriz, piano bakarlariarentzat Franz Lizstek idatzi zuen 1. kontzertua piano eta orkestrarako. Konpositoreak esan zuen moduan, berak ez zuen erori nahi garai hartan modan zegoen birtusiosmoan, batere mami musikalik gabekoa irizten ziolako… Baina hala eta guztiz, aipatutako kontzertuak esku bereziak behar ditu behar den moduan jotzeko. Horrelakoak erakutsi zizkigun Stanislaf Kiristenkok: digitazio boteretsua —orkestrarekin lehiatzeko dinamika mailan—, garbitasuna gora eta beherako eskala bikoitzetan eta arpegio arinetan, eman beharreko lirismoa fraseoetan… Akaso berotasun pixka bat beharko zuen zati batzuetan, heldutasunak ematen duen horietakoa. Dena den, publikoak bero-bero txalotu zuen pista gaztea, eta trukean, lirismoz beteriko pieza bat oparitu zigun.

Oso ezaguna da Rimski-Korsakofen Xerezade suite koloretsua, Mila eta bat gau ipuin tradizionalen bilduman inspiratua. Baina beti erronka da orkestra sinfoniko batentzat. Esan genezake Bilbao Orkestra Sinfonikoak ondo gainditu zuela desafioa bi mailetan: orkestraren beharrezko bateratasunean —sarrera batean izan ezik— eta tinbre ezberdina duten instrumentuen bakarkako pasadizoetan —bi kasu txikitan salbu—. Dakizuen bezala, zuzendariak rol handia du trantze horretan, eta gu harritu egin gaitu Andrew Gourlayk erabili zuen zuzendaritza sinpleak; hau da, gehienbat konpasak eramateak eta sarrera garrantzitsuak gorputzarekin batera emateak. Baina arrakasta lortu zuen goian aipatutako mailetan, eta ez dago lekurik inprobisazio edo mirarientzat! Zuzendariak aurretik ondo prestatuko zuen lana, eta bere aurrean eskarmentu handiko orkestra bat zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.