Haur eta gazte literatura. 'ORKESTRA LURTARRA'

Frak-dun eroak

2013ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Egilea: Harkaitz Cano.

Ilustratzailea: Jokin Mitxelena.

Argitaletxea: Elkar.

Txorakeriatan dabiltzan guztiekin gertatzen den bezala, liburu honek ez du erdibiderik onartzen, maiteko duzu ala gorrotatuko.

Barre-algara zilipurdika eragitealortu nahi duten lanetan, ohikoa da irakurlea hasieratik amaierara hats bakarrean eramatea eta, ohikoagoa dena, tonu eroan agertzea. Gutxi ez, eta Orkestra lurtarra-k koska bat gehitu dio erronkari, halakoetan ohikoa ez den tonu kultu eta didaktikoa erantsiz. Zaila, horratik, fraka jantzita zilipurdika ibiltzea... ezta?

Has gaitezen, ezer baino lehen, mahai gainean jartzen hausnarketa honetara iristeko behar diren osagaiak. Deskriba dezagun, bada, liburua.

Narrazioak ehun eta bat orrialde hartzen ditu, launa orrialdeko hogeita bat atal, ilustrazio eta guzti. Hasieran, BERRIAko Mantangorri gehigarrian banaka argitaratu ziren atalok, eta, hortik, formatuaren berezitasunak, esaterako, kapituluen hasieran dauden laburpen kutsuko paragrafo horiek.

Kontaketaren hariak orkestra baten sortzeaz, bilakatzeaz eta amaieraz dihardu, hiru une horietan sentitu eta bizitzen direnak esplizituki azaltzen ditu.

Protagonista Manu da, orkestra bat osatu nahi duen zuzendaria, afizioz erratz-jotzaile ere badena. Harekin batera protagonista-kidetzan agertzen dira Lurrinetti anaia tronpeta-jotzaileak, Aldika biolin-jotzailea, Osoki triangelu-jotzailea, Crocanti kontra-tenorea, Presidente izeneko ahuntza eskailera-igotzailea eta kardantxilo mutu bat. Beste pertsonaia gutxi batzuk agertzen dira, zeregin apalagoarekin, esaterako, Renzo Panini piano-jotzailea eta Goyan Bego kritikaria.

Kokalekuak, hauek: Muziki plazako kioskoa, Italia, Erroma, Trieste, Mongolia, Marseilla, New York eta transatlantiko bat.

Narratzaile gisa, hirugarren pertsonan ari den kontalari bat dugu, digresioetarako joera neurrigabea duena eta gertaerak bere erara azaltzea eta antzeko bekatu txiki aitortuak egiten dituena. Pizzicatoa azaltzeko 13. atal osoa erabili izanak erakusten du zenbateko musikazalea den. Baiki, musika klasikoaren lexikoa sarri-sarri agertzen du, beste hainbat kultismo eta jakingarrirekin, Italiari buruzkoak batik bat. Halere, aparteko maisutasuna digresioetan erakusten du, adibidez, 5. atalean triangelu moten lista egin eta azaltzen duenean: Bermudetakoa, isoszelea, maitasunarena, musika-tresna. Edota kontzeptu abstraktuak azaltzeko hartzen duen tarteetan: harpa jotzea, ziria sartzea, adarra jotzea, jelosia, maitasun triangelua, trauma, adikzioa, gutiziak izatea, pertsonen barne ezkutua, orkestra-gizona, artearen lilura,...

Esan liteke narratzailea dela istorio honetako benetako protagonista.

Eta narratzaileak esaten eta deskribatzen ez duena ilustratzaileak erakusten digu. Bere gisara eta liburuak duen tonuari jarraikiz, tarteka txisteak eginez, Astoria hotelaren gainean dagoen asto hori baten estatua, kasurako.

Hala, bada, azalean umorea baina barnean zer ikasi ugari duen obra atipiko bat da, eroarena eginez kontzeptu eta zaletasun kultuak plazaratzeko ahalegina egiten duen obra ero frakduna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.