Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Kamerak itzaltzen direnean (II)

2018ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Honako erantzun hau eman zuen Orban Wallace zinema zuzendariak: «Denborak aurrera egin ahala, errefuxiatuez ahaztuko ginateke, eta krisia puztu egingo litzateke. Ez hori bakarrik: Europari bide emango litzaioke haiekin duen arazoa edozein modutan konpontzeko». Aitortu zidanez, Another News Story (2017) dokumentala grabatzen zuten bitartean, kamerek babes funtzioa betetzen zuten askotan. «Arma bat bagenu bezala jokatzen zuten segurtasun indarrek, irudietan harrapatzen ari ginelako gizon-emakume eta haur horien larritasuna eta tentsio une askoren lekukotza».Baliteke arraroa izatea, baina, dokumentalaren gertuko irudietan noizbehinka ikus zitezkeen polizia gizonak haurrei laztanak egiten. Alde horretatik, kamerak piztuta izan beharra azpimarratzen du zinema zuzendari britainiarrak.

Kamerak itzaltzen direnean, badago kazetariek jasan dezaketeen beste errealitate gordin bat: gaitz mentala. Gatazkak inolako babesik gabe jarraitzen dituzten profesionalek arrisku handia dute halako kalterik jasateko. Europako Ikus-Entzunezko Behatokiak, hain justu, berriki argitaratu du kazetarien lanak duen lege babesa neurtzen duen txostena. Araudietan oinarritutako Komunikabideen Pribilegio Eremua deitzen zaio horri. Bederatzi herrialde aztertu dituzte —tartean, Erresuma Batua, Turkia, Alemania, Errusia eta Frantzia—. Behatokiaren arabera, «ez dira garai onak kazetarientzako, ezta Europan ere». Egun, 125 profesional daude atxilotuta Europako Kontseiluko estatuetako kartzeletan. Zer esanik ez ikerketa egiten duten kazetarien egoeraz. Asteon jakin dugu bularrean tiro eginda hil zutela Jan Kuciak kazetaria, Eslovakiako hainbat politikariren ustezko zerga iruzurra ikertzen zebilela. Haien osasun mentalaz, tamalez, gutxi hitz egiten da publikoki, eta, hortaz, galdegin nion Wallaceri: «Zer-nolako neurriak hartzen dituzue?». «Ez dugu kontzienteki nahi beste pentsatzen horretaz. Finean, errefuxiatuen irudiak grabatu eta biharamunean gure etxeetara bueltatzeko aukera dugu. Beraz, gure egoera askoz hobea da. Hala ere, ziur nago nire lagun batzuek egoera horien kalte eraginaksufritu dituztela. Horretarako ere, solasaldi pausatua falta da, baita eta neurriak ezartzea ere». Izan dadila kamerak piztuta daudenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.