Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Egipton, 2018ko otsailaren 11n (II)

2018ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Nonbait irakurri dut heresia modu askean erabakitzearekin lotuta dagoela. Grezieratik datorrela, eta erlijioek aldatu dutela bere esanahia edo zentzua, irain bihurtzeraino; irain, eta heriotza zigorrerako aitzakia ere bai, askotan. Dogmatik urruntzen den ideia bat aukeratzea gaitzesgarria, kritikagarria eta zigorgarria bihurtu da erabat. Iraganera eramaten gaitu horretan pentsatze hutsak, baina iragan hori uste baino presenteago daukagu, Egipton zein hemen.

Astearteko zutabean, Egiptoko telebista bateko platoan gertatua ekarri nizuen hona. Bere hutsean, bere gordinean. Ezin izan dut burutik kendu, gogor joka dabilkit. Aske erabakitzeko aukera egin duen Mohammaden aurkako epaiketa iruditzen zait. Auzitegiko gelan, akusatua bera, parlamentaria epaile eta aurkezlea fiskal. Mundua biribila dela lehenengoz esan zuenari ere hala egingo zioten, ziur asko; ondoren, beste hainbati. Bera bezalako pertsona bat existitze hutsa nola den posible: hori galdetu edo adierazterainokoa da dogmatik urruntzeko erabakia.

Delitua argia da: ikastea, pentsatzea, aukeratzea eta erabakitzea. Pentsatzeak eta ikasteak horixe dakar: dena delakoari buruz dakiguna kolokan jarri eta ertz desberdinetatik begiratzeko saiakera egitea; norbere burua kolokan jartzea. Pentsa, Big Bang hitza erabili eta deabrua azaldu balitz bezala arabierara itzultzeko agindu. Hizkuntzak ikasi eta erabiltzearen aurka dagoenak zenbat beldur izango ote ditu bere baitan. Eta, gainera, aukeratu, erabaki eta hori adieraztea, gehitxo, tonu egokiz, asaldatu gabe, besteen erabakiak onartuz, baina norberarenak defendatuz. Norbere burua kolokan jartzen duenak argudioz hornitzen du motxila lehenago edo geroago. Beldurrak, berriz, irainak eta mehatxua baino ez dakartza. Izatea bera eta izateko aukera edo eskubidea zalantzan jartzen dizkiote aurkezle eta diputatu erlijiozale itsuek, jainkoarengan sinesten ez duela azaltzearren.

Iraganekoa dirudi, eta urrunekoa. Aldatu forma eta mamia, eta bilatu pareko adibideak gertu. Ikastea, pentsatzea, aukeratzea eta erabakitzea hobesten dugun leku honetan, hezkuntzari eta belaunaldi gazteei horretarako gabezia egozten diegun bitartean, heresia positiboa heresia kaltegarritzat hartzen da telebistan zein telebistatik kanpo. Dogma da zentroa. Zigortua ausarta dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.