Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Txikiak eta erraldoiak

2018ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Ez nuen pentsatuko egungo telebista saio batek erraz bilduko zituenik hainbat adineko pertsonak solasaldi berean. Nagusiki, bestelako interesak eta kontsumo ohiturak dituelako bakoitzak. Larunbat gauean, BBC One kateko MasterChef saioa izan genuen hizpide lagun baten urtebetetze afarian. 10 eta 52 urte bitarteko zazpi kide ginen mahaiaren inguruan. Euskaldunak eta eskoziarrak. Halako batean, protagonismo osoa hartu zuen BBCko programak. Ados ginen: irabazlea jakitearekin baino, gehiago gozatzen dugu kozinatzeko prozesu didaktikoarekin. Gazteenek kozinatzen ikasteko baliatzen dute programa, eta helduek ideia berriak hartzeko.

FORTAk eta EITBk antolatutako Transformazio digitala hedabide publiko autonomikoetan jardunaldietan aipatu zuten, egun, erantzunak baino gehiago dituztela galderak. MasterChef-ek badu, behintzat, Amazon edo Netflix erraldoien aurrean askotariko ikusleak bereganatzeko gaitasuna; bai Interneten , bai telebista tradizionalean. Esan zutenez, hedabide gehienek dute arreta jarrita «gertuko eta kalitate oneko edukien sorkuntzan». Bada, nik, gurean, zinemari buruzko telebista saio bat nahi dut, euskaraz eta euskaratik sortua—ikusi berri dut ETBk Zinez saioa programaziotik kendu duela—. Nahi duenarentzako, badago kopiatzeko gaztelerazko adibiderik: La2eko Días de Cine. Ez, ez naiz Zurriolako butaka-rekin konformatzen.

«Aldaketa garaia da, eta egoera berrira egokitzen ez bagara, (erraldoiek) bazterrean utziko gaituzte», adierazi zuen Kataluniako hedabide publikoetako parte hartzaileak. «Txapeldunen Ligako partida eskubideak garestitu dira, haien konpetentziaren ondorioz». Hemen, hobe dugu gogoeta apur bat egitea: ba al dago estrategiarik euskarri ezberdinen konplizitatea bilatzen duena? Ezetz esango nuke: «Sinestezina egiten zait 2018an oraindik Interneten kontsumitzeko euskarazko ikus-entzunezko produktuak sortzeko diru-laguntza espezifikorik ez izatea», idatzi zuen Xabi Paiak BERRIAko zutabean. Ez dago aldaketarik erregulaziorik gabe. Eskozian, 0,05 liberako tasa indarrean sartuta, %85 murriztu zuten plastikozko poltsen erabilera zortzi hilabetean. Bitartean, «Europako Batzordeak ez du hizkuntza gutxituak babesteko programarik». Hori baino erraldoiagorik!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.