Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Beltza

2018ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Kameraren aurrean, beltzez jantzita. Erredakzioan, bizkarrez eta eskuak gorantz jasota. Egoitzaren atarian, hitza lapurtu dietela iradokiz, ahoa ixa batekin estalita. Gisa horretan ikusi ditugu RTVEko hainbat langile, azken egunetan. PPk hedabide publikoa «bahitua» duela salatzen ari dira. Eta protestan segituko dute datozen ostiraletan.

Askok kontrakoa pentsatu arren, urrun daude eskubidea eta zilegitasuna. RTVEren zuzendaritza eraberritzea egokitzen da, aspaldi. Lortu dute horretarako gehiengoa PSOEk, Podemosek eta Ciudadanosek Espainiako Kongresuan. Baina horrek antolakuntzako era aldatzea ekarri baitezake, lehiaketa publikoa eta demokraziakeriak, atzera bota du proposamena PPk Senatuan. Izango du eskubidea; ez zilegitasunik.

Betidanik harritu izan nau zenbait hedabide eta kazetari espainiarren kontraesanak. Iruditzen zitzaidan zorrotz eta zoli egiten zituztela analisiak haien hedabideetan. Ikuspegiz eta soseguz, orokorrean. Ordea, Espainiari eragiten zioten gairik arantzatsuetan —esan dezadan argi, Euskal Herriaz eta gatazkaz ari zirela— ihes egiten zien argitasunak, besteoi egozten diguten abertzaletasun kirasdunez. Hala egiten du, oraindik, askok. Adibide argia eman dute azkenaldian, adibidez, Kataluniarekin edo Altsasuko gazteen aurkako epaiketarekin. Horretan ere, podiumean da RTVE. Irudia ez gaiztotze aldera, ez dut adibide zehatzik jarriko, baina pentsa beltzezko protesta hori iritzi publiko espainiarrak diktaduratzat dituen herrialde horietako batean izango balitz. Izango lukete bazka, luzerako.

Hau da, ez dela harritzekoa Kataluniako telebista publikoan arrazoi politikoak direla medio eskua sartu nahi duenak, aurrez, berea dela uste duen horretan eskua ongi sartua izatea, ezta? Kezkagarriagoa da lehen aipatu dudan abertzaletasun horrek sortutako itsutasuna. Inozoa da pentsatzea hedabideak injustuki ixteko edo kazetariak isunez josteko gai diren alderdiak ez direla beraien etxean halakorik egiten ariko. Urteak dira RTVEko langileak kexu direla. Lortu dute, aldian behin, oraingoan kasurako, oihartzun pixka bat. Baina zuzendaritzakide horiek krema potoak harrapatzen azaltzen dituen grabaziorik zabaldu ezean, jai dute, ziur asko. Ahaztuko dira ostiraletako protestak. Langileak beraiek izango dira belztuko direnak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.