Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Errepikapena

2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Errelatoaren inguruan tesia edo ikerketa egin nahi duenak berebiziko altxorra du eskura: azken asteotako hedabideen jarduna. Izango du gaiari nondik heldu telebistan izan duen tratamenduarekin bakarrik. Adibideak, teoriak eta ikasgaiak, sobera.

Pentsatu nuen, erauntsia hasi zenean, nahiko nukeela agenda hutsa izan, horri adi egoteko. Jarraipen zehatza egiteko, denei. Azkar nazkatu nintzen gero. Badirudi ez direla urteak igaro. Behin betiko su etenaren jarraipenaren errepikapena izan dela askorentzat. Armagabetzearen errepikapena. Mezu bera, antzeko galderak, ikuspuntu eta estutasun betikoak. Alde desberdinetara. Etorkizunari begiratzeko iraganetik igaro ordez, iraganean kateatuta, hartan eroso baleude legez. Beste behin, alderdikerian oinarritutako eztabaidak, bestela landuta emankorrago liratekeenak. Albisteaz ez, beste denaz. Minutuak eta minutuak. Orduak eta orduak. Egunak eta egunak. Lehen bezala, orain. Eta bihar, zer? galdetuz, gaur etxerako lanak egin gabe.

Ez dut esango iritziak eta adierazpenak bost axola zaizkidanik. Baina ia-ia. Iragaziko ditut askotarikoak, benetakoak baldin badira. Urruntzen badira klixeetatik. Sigletatik eta alderdikerietatik. Autokritikarik baldin badute kritikan. Eta kritika autokritikan. Gai baldin badira txar eta on, gaizto eta zintzo, inoiz eta beti modukoetatik alde egiteko. Ez badira titular ponpoxo.

Ikusi ditut lanketa interesgarriak gaiaz. Paperean, pantailan baino gehiago. Ez berehalakotasunaren ondorioz, inondik ere. Kezkatuko gara, orain, paperera nekez eta pantailara gehixeago hurreratzen diren belaunaldi gazte horiekin. Ez omen dute gertatuaren inguruan interesik eta ezagutzarik. Ez da harritzekoa; urrunduko nintzateke ni ere. Haiei eskatuko diegu ikas dezaten iraganetik, gu lehengoan kateatuta gauden artean. Hala ikusi ditut kate gehienak, eta horietan parte hartu duten iritzilari gehienak, haien betiko lekutik zentrimetrorik mugitu gabe. Eraikitzailea izan litekeena, behar lukeena, zurrun bihurtzen; triste eta hotz. Errelatoaren inguruan tesia edo ikerketa egin nahi duenak berebiziko altxorra du eskura. Errelatoak sustraitzeko itxaron beharko dugu oraindik, pixka bat. Eta, nago, ez direla telebistaren eskutik helduko. Ez behintzat sustraituko direnak, noizbait ikasgai izango direnak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.