Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Espirala

2018ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Egun berean, gosaritan, bi albiste. Batean, Espainiako telebista publikoaz ari dira. Bestean, gureaz. Ez dira parekatzekoak, baina hala ere badituzte antzekotasunak. Ez batak ez besteak ez du harrotasunik eta lasaitasunik ematen.

Maria Escario kazetariak erantzun egin dio RTVEko presidenteari, Twitterren. Izan ere, Jose Antonio Sanchezek Kongresuan esan zuen ostiraleko protestetan beltzez janzten diren langileak «gutxiengo gutxitu bat» direla. Beste harribitxi batzuk ere bota zituen, baina Escariok horri erantzun zion. «RTVEko Presidente Jauna: 33 urte daramatzat etxe honetan, eta sekula ez dut halako gutxiengo gutxitu handirik ikusi». Bera ere gutxiengo gutxituko kide zela esanez amaitu zuen.

EITBko langile batzordeak eta sindikatuek ETBren gatazka kolektiboa Madrilera bideratu izana salatu dute. Hedabide publikoko zuzendaritzak gatazka horiek Espainiako Auzitegi Nazionalera bidaltzeko erabakia hartu du, hemen negoziatu ordez.

Bi erantzunak zilegi iruditzen zaizkit, eta beharrezkoak. Ordea, hona kezkatzen nauena: ez ote den hori, hain zuzen ere, hedabide publikoetako arduradunen estrategiaren helburua; alegia, benetako eztabaida desbideratzea. Lehenek, gutxi batzuen kexatzat saltzea protesta ekintza. Betiere gutxi batzuk izateak—izango balira ere— automatikoki arrazoia kenduko balie legez. Bigarrenek, han edo hemen ebatzi behar den erabakitzen jartzea mundu guztia, ez arrazoi duten edo ez. Izan ere, espirala dirudite hedabide publikoon aurkako kexak. Abiapuntuaren jiran hasi, baina aldiro abiapuntutik urruntzen dira, gutako asko gehiegi ohartu gabe. Ohartzerako, abiapuntua eta espiralaren muturra urrunegi daude, zertaz ari garen eta zertaz ari beharko ginatekeen jakiteko. Bien bitartean, ardura publikoa lurrundu eta kalte pertsonalak areagotu egiten dira.

Hori gertatzen da, tamalez, etxeon albistegietako gaiekin ere. Hasi hemendik, okertu haren adierazpenean, urrundu hari emandako erantzunean, sakondu nahaspilan, eta, azkenerako, muina ahaztu eta geruzan gelditzea. Bakoitza bere geruzan. Hori gertatzen ari da, tamalez, gizartean bertan. Ez baikara gu, gutako bakoitza, mamiari heldu eta arazoak begietara begira eta arduraz konpontzekoak. Bestela, suminduko gintuzke ETBn eta RTVEn gertatzen denak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.