Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Kanpora begira

2018ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Azken asteetan, ETB2ko 360 grados saioa ikusiz amaitu dut astea. Gustura ikusi ditut, esaterako, azken bi atalak, Los tentáculos de Interior eta Operación Ciudadanos: ¿qué hay detrás? izenekoak. Gaiak, oro har, interesekoak eta ongi landuak iruditu zaizkit. Elkarrizketatuak ere, salbuespenak salbuespen, esatekoa zutenak. Eta aurkezlea, kasuren batean izan ezik —parekoaren pisuak eraginda edo—, galdera interesgarriak eginez eta gaiari ongi helduz.

Dena den, baditut zalantza txiki batzuk. Esaterako, eta ikasturteko erreportajeen izenburuei erreparatuta frogatu litekeen bezala, ETB1en begia inguruan jartzen den bitartean, ETB2ren ardatza hegoaldera jarrita dago. Aipatu bi gai horiei, Gürtel auziari, Konstituzioaren egoerari edo Espainia hartzen ari den eskuinerako joerari eskaini dizkiote saioak. Beste batzuk Kataluniako egoerari eskaini dizkiote. Batez ere, azken aldian, badirudielako onartua dagoela, gurean, Madrilgo erakundeak iparra galduta daudela, demokraziari dagokionez. Ziur naiz pribatuan galdetuko bagenu onartuko litzatekeela hori lehen ere gertatzen zela. Gaur publikoki baztertzen diren estrategia horiek ez dira berriak, inondik inora. Iduri du, ordea, horiek iraganean edo gaur modu esplizituan publikoki onartzeak debekatuak zilegitzea esan nahi zuela eta duela, zenbait gairen kasuan. Lantzen diren moduagatik, estatuaren ustelkeria gaur goizean sortu dela iradokitzen da. Eta ez da horrela. Bestalde, gutxi izan dira gure inguruari eskainitako saioak. Eta begirada hori ere kezkagarria zait. Izan ere, aipatu gaiak ez zaizkigu, inolaz ere, arrotzak. Izango dute, hemen ere, enpresek eragina gure alderdi eta erakundeetan. Hemen ere, badira hainbat kasu irekita auzitegietan, erakunde eta ordezkari politikoen jardun desegokiak direla medio. Eragingo dute erakundeek eta alderdiek hedabideen egunerokoan. Edo ahaleginduko dira horretan, behinik behin. Eta, txosten ofizialen arabera, gure polizia erakundeak izan zuen esku hartzerik tabu diren gai horietako batean. Sinesgarritasun horretan du, izatekotan, arrakala 360 grados-ek. Kanpoan erraza da hazka egitea, batez ere ustelkeria eta praxi okerra onartuak direnean. Etxekoak ipurdi bistan uztea ez da hain erraza. Hori egin artean, nekez sinetsiko dugu alde orotarako begirada daukatela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.