Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Sunday politics

2018ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Igandeetako politika kontzeptua ezaguna da Erresuma Batuan, igandea egun indartsua baita politika alorrari dagokionez. Egunkarietan zein telebistan, politika albisteen kontsumo pausatua bultzatzen da. Egunkariak, esaterako, astegunetako izena aldatuta argitaratzen dira igandeetan. The Guardian egunkaria The Observer bilakatzen da; Eskoziako The Herald, berriz, Sunday Herald da. Broadsheets izenez ezagutzen dira. Igandeetako aleak egunerokoak baino mardulagoak dira; kazetari ezberdinek egiten dituzte, eta astean gertatutakoen gaineko azalpen landuagoa eskaintzen dute. Jatorriz, broadsheets hitzak egunkarien inprimatze formatu handiago bati (60 cm x 40 cm) egiten dio erreferentzia; egun, konnotazio intelektuala du.

Erresuma Batuko igande goizetako telebista eskaintzan politikak agintzen du. Goizeko bederatzietan hasita, 60 minutuko The Andrew Marr Show eskaintzen du BBC Onek. Sunday papers (igandeko paperak) gainbegiratzen hasten da saioa; astero aldatzen dituzten kazetarien laguntzarekin. Oro har, politikari ospetsuak eta gaurkotasuneko pertsonak elkarrizketatzen dituelako da ezaguna —Gordon Brown herrialdeko lehen ministro ohia eta Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa izan ziren azken saioan—; baita Andrew Marr aurkezlea txepel samarra delako ere. Bi milioi ikusle inguru batzen ditu Marren programak, eta %30eko ikusle kuota du. Ondotik, 11:00etan, Sarah Smith kazetariak Sunday Politics saioa aurkezten du kate publiko berean; 75 minutuko programa da, Eskoziako, Galeseko eta Ipar Irlandako berrien 38 minutuko deskonexioak barne. Eztabaida politikoak, elkarrizketa espezializatuak eta aste politikoaren 60 segundoko analisi tarteak, besteak beste. Igande goizetako saioen arrakasta ikusirik, ITV kate pribatua Peston on Sunday emititzen hasi zen 2016ko maiatzean. Konpetentzia handia da, ordea, eta berriki erabaki dute asteazken gaueko albistegiaren ostera pasatzea. Jakina, audientzia datu eskasak dituelako hartu dute erabakia: 170.000 ikusle.

Hego Euskal Herriko telebista eskaintzan apenas dagoen politika saiorik igande goizetan. Justuki, astegunetako lan erritmo bizitik at egon gaitezkeen uneetako batean. Erresuma Batuko telebistetan politikariak harrapatzeko lehia handia da, baina gurean anestesia da nagusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.