gorka julio
IRLEN SAREA

Burujabetzarako bidezidorrak

2016ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Teknologiaren burujabetzaren ikuspuntutik bada mugimendurik. Ezin dute beti Googleren azken asmakizunek, Facebook eta Microsoften ur azpiko kableak edota mezularitza tresna berrienak egon teknologiaren alorreko plano informatiboa okupatzen. Bada beste fondoko marea bat teknologia burujabetzari lotuta.

Askotan aipatu izan dugu Guifi.net auzosare libre eta neutrala eraikitzeko proiektuen garrantzia. Baina sareak azkenean azpiegitura dira; estrategikoak izanik ere, jende gutxi batek jartzen die arreta. Aldiz, sare horiek ahalbidetzen dituzten zerbitzuak eskuratzeari jende askok.

Hau da, Internet eta sakelako telefono estaldura izatea axola digu, nola iritsi den ez. Beste alor askotan ematen ari den bezala, jendea kontsumotik hasten da kontzientzia hartzen.Ondoren: nola, zeinek, zertarako... bezalako galderak egiteko.

Prezioari garrantzia handia ematen diogu oraindik, baina aldi berean telekomunikazioetan ere arduratsu izateko aukerak gero eta gehiago dira. Aukera horien artean Eticom dago, telekomunikazioen sektorean burujabetzan aurrerapausoak ematea helburu duen kooperatiba.

Eticom Konexioa Gara telefonia eta Internet konexioa eskaintzen duen irabazi asmorik gabeko kontsumo kooperatiba bat da. Horrek esan nahi du pertsona kontsumitzaileak kooperatibaren bazkideak direla, eta, beraz, kooperatibaren jabe. Horrek aukera ematen du kooperatibaren erabakietan demokratikoki eta baldintza beretan, berdintasunez, parte hartzeko, batzarren eta erabaki organoen bidez.

Terminaletaraino ere iritsi da kontua. Telekomunikazio arduratsuago baten kezka horren erakusgarri dira, terminal zaharrak konpondu eta berrerabiltzeko ekimen ezberdinak. Hori lotutik, eta garestia bada ere oraindik, lana errazten duen Fairphone telefonoa jaio zen (http://fairphone.com).

Fairphoneak diseinu modularra dauka, edozein pieza apurtzen dela konpondu ahal izateko. Sortze prozesuan materialetatik hasi, diseinutik pasatu eta fabrikazioraino iritsi arte, ahalik eta arduratsuen egiten saiatzen dira horiek guztiak.

Kate guztia ixtea zaila bada ere, adibide txiki horiek orain arte ikusezinak ziren bidezidorrak irekitzen dituzte, bide berriak bistaratuz.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.