Lau obra eta bi kontzertu egingo dituzte Leioako Kultur Maratilan

Euskal sorkuntzak plazaratzeko asmoz, seigarrenez egingo dute jaialdia, otsailaren 1etik 5era

Iñaki Ziarrusta, Fredi Paia, Mari Carmen Urbieta, Ander Lipus eta Ana Lopez, atzo, Kultur Maratila aurkezten. KULTUR LEIOA.
Ainhoa Sarasola.
2017ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Otsailarekin iritsiko da Kultur Maratila Leioara (Bizkaia). Seigarren urtez antolatu dute kulturari eskainitako astea Leioako Udalak eta Artedramak, eta, urtero bezala, euskarazko sorkuntza askotarikoak jarriko dituzte taula gainean. Otsailaren 1etik 5era, bi kontzertu —horietako bat erakusketa baten barruan—, bi antzerki emanaldi, dantza ikuskizun bat eta literatura eta musika uztartzen dituen «dokumental transmedia» bat ikusteko aukera izango da.

Udane Juaristiren URBANue II erakusketak emango dio hasiera kultur asteari. Mostraren inaugurazioan, kontzertua emango du Amorante musikariak. Antzerkia izango da protagonista hurrengo egunean: Beheko Larraine konpainiak Atte hil aurretik obra taularatuko du. Konpainia sortu berria da, eta lehen obra du Leioan erakutsiko duena.

Otsailaren 3an, berriz, dantzaren txanda helduko da. Hariak ikuskizuna aurkeztuko du Ertzak konpainiak, eta, emanaldiaren ostean, solasaldia egingo dute Asier Zabaleta dantzari eta koreografoak eta Harkaitz Cano idazleak. Hurrengo egunean, bi ikuskizun hartuko ditu auditoriumak. Lehenik, Fakiu antzezlana taularatuko du ATX Teatroa konpainiak. Fredi Paiak idatzia eta Iñaki Ziarrustak zuzendua da obra, eta indarkeriaz erantzuteari buruzko gogoetak plazaratzen ditu. Haren ondotik, oso bestelako ikuskizun batek hartuko du oholtza: Shane MacGowanen gibela izenekoak. Unai Elorriaga idazleak eta Gibelurdinak musika taldeak sortutako ikuskizuna da, The Pogues taldeko abeslari eta kanta idazleak Euskal Herriarekin zuen lotura berezia kontatzea ardatz duena.Horretarako, musika, literatura, bertsoak eta bideoak uztartzen dituzte emanaldian. Eta kultur astea ixteko, musika gehiago: otsailaren 5arekin, kontzertua emango du Ruper Ordorikak, Guria ostatuan disko berria aurkezteko.

Leioako Auditoriumean edo erakusketa gelan egingo dituzte emanaldi guztiak. Sarrerek, berriz, gutxienez 3 euro eta gehienez 10 balioko dute; aste osorako bonua ere erosi ahalko da txarteldegian, 30 euroan.

Kultur Maratilak sorkuntza artistikoa bultzatzea eta euskara sustatzea helburu dituela azaldu du Leioako alkate Mari Carmen Urbietak, eta gehitu du udalarentzat apustu «esanguratsua» dela; kultur astera 30.000 euroko aurrekontua bideratu izana jarri du horren lekuko. Artedramako Ander Lipusek, berriz, aurtengo programa euskarazko sorkuntzaren «lagin txiki bat» dela nabarmendu du, eta eskaintza «aberatsa» dela ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.