Kelvionek ez du itxiko, baina langileen erdiekin jarraituko du Igorren

Langileek bozketa bidez onartu dute multinazionalaren eskaintza. Lau urterako lana dute ziurtatua, baina 73 operarietatik 37 geldituko dira

Greban zeuden Kelvioneko langile batzuen zaintza txanda, plantaren aurrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Kelvion Thermal Solutionsek Igorren (Bizkaia) duen plantak ez ditu ateak itxiko. Lantegiaren desagerpen ziurra zirudiena, lantaldearen murrizketa bilakatu da. Orain arte, 73 operarik ziharduten, eta aurrerantzean, 37 izango dira bakarrik. Multinazionaleko buruek enpresa ez ixteko azken eskaintza bat egin zuten, baina baldintza gogor horrekin, eta langileek atzo onartu zuten barne bilera batean. Trukean, enpresak lau urterako lana bermatu die.

Kelvion Thermal Solutionsek azaroan jakinarazi zuen Igorreko planta ixteko nahia zuela, Espainian dituen beste bi lantokirekin batera, Santaderren eta Madrilen. Erregulazio espedientea eskatu, eta negoziazio prozesuaren ondoren langileen ordezkariak adosturiko kaleratzeak onartu zituzten. Igorren ordezkaritza duten sindikatuek, LABek eta ELAk, ez zituzten kaleratzeak onartu, baina hiru lantokietan batera bozkatu zenez, beste bi plantek zuten gehiengoa aski izan zen erabakia berresteko.

Igorreko langileek, baina, ez zuten emaitza hori onartu, eta abenduan jakinarazi zuten itxiera saihesteko bide berriak urratuko zituztela. Aldi berean, bertan behera uztea greba. Bide horien artean zegoen epaitegietakoa, eta lan ikuskaritzarengana jo zuten hiru planten ordezkaritza sistema bidezkoa ez zela salatzeko, baina ez zieten arrazoirik eman.

Epaitegietako bidearekin batera, bulegoetakoari ere heldu zioten. Abendu hasieran, erregulazioaren negoziazio epearen azken txanpan, Igorreko plantako kudeatzailea zenak jardunarekin jarraitzeko eskaintza bat egin zuen, Alemaniako jabeen babesarekin, eta langile kopuruaren murrizketarekin. Hasierako eskaintzak «ez zirela serioak» salatu zuen langile batzordeak, baina bide posible bat ikusi zuen.

Soldata murrizketa txikia

Oraingo eskaintza hortik iritsi da. Alemaniako zentralak Igorren egiten den jardunaren zati bat mantendu nahi baitu, eta horretarako aski du 37 langilerekin—beste bost mantenduko ditu Santander eta Madrilen—. Soldatetan ere murrizketa eragingo du, %7aren eta %10aren artekoa, baina soldata oinarria ukitu gabe. Murrizketek diru sari bereziei eragingo diete.

Sindikatuetako kideak buru- belarri murgildu dira azken asteetako negoziazio prozesuan, baina ezin izan dituzte kaleratzeak ekidin. Langileen ordezkaritzaren inguruko salaketan aurkako ebazpena jaso izana bizkarrekoa izan zen, Kelvionek kaleratzeak egiteko zuen eskubide osoa berretsi baitzuen epaileak. Aurreraturiko erretiroei dagokienez, hiruzpalau baino ez dira.

Azken hitza langileek izan dute, dena den. Eskaintza mahai gainean zegoen, eta haiek erabaki dute onartzea bozketa bidez. Prozesuaren hasieran kaleratzeen aurka agertu ziren, eta publikoki salatu zuten deslokalizazio kasu bat zela. Igorren egiteko moduko hiru enkargu Poloniara desbideratu zirela jakin zuten, milioi bat euro inguruko balioa zutenak. Kelvionen industriarako erradiadoreak egiten dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.