Uztaritzeko hartza fleitean da

Bi urteko etenaren ondotik, berrabiatu dira ihauteriak Uztaritzen ere. Hartza bezain «bero» bildu da jende parrasta astearte gizenean. Lantzen, berriz, herritarrentzat izan dira ihauteriak.

Lanzko haurrak Miel Otxinekin ibili ziren kalean; gauean erre behar zuten Miel Otxin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ainize Madariaga - Olaia L. Garaialde
<i>Uztaritze-Lantz</i>
2022ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Guretzat Zanpantzar euskalduna da. Baina, berez,gaiztagina da. Hertsatua, segitua, zaindua, ongi jan eta edaten duena da, denak badakizki, nehork ez daki nongoa den, neskazalea, diruzalea, jokozalea. Naturaren gaitz guziak baditu, bai eta euskararena ere. Horregatik kondenatzen dute, frantses kanpotarrek jasanarazten diguten lege arrotzaren kontra doalako», xehatu du Xan Errotabeherek. 22 urtez ari izan da Uztarizko (Lapurdi) ihauterien antolatzen. Egun ikusle gisa doa, Mixel Sarratia bidelagunarekin batera, ezagun da gozatzen ari direla, begiak ñir-ñir.

Jende parrasta Hiribehereko pilota plazara doa, han baita hitzordua Zanpantzarri auzia abiatzeko. Auzapeza, epailea, prokuradorea, serora; rol guziak jokatu izan ditu Errotabeherek. «Urteko gorabeherak aipatzen dira: etxegintzaren arazoa, ikastolarena, AEKrena. Boterearen kontra defendatzen genuen jendea». Gertatu izan zaie argindarra ukatzea, eskuindarrek zutelarik agintzen herrian. Aitortu du asko inprobisatzen zutela garaian; «Jokoan sartzen ginen, eta kito!».

Ehunka jendek ttipi utzi dute errebotea, zirtzilei tokia utziz. Batukada gisako batez eman diote erritmoa ihauteriei. Publikoak urratu du osatzen zuen barrikada tinkoa, Uztarizko txarangari bide egiteko. Abere basek durduzatu dute giroa, irina orori jaurtiki baitiote: berdindu dituzte ile urdinduak, eta hala ez direnak. Irriek eta haurren orroek harrapatu dute plaza.

«Gose iratzarri da hartza, bero, haragi ona nahi du, ez du bertze deusek lasaituko!», erran du artzainak loturik erdi gobernatzen duen Hartzak, haurrak eta denak harrotzen ditu. Besta bihar bukatuko duela abisatu du, lorietan.

Manex Etxe Miarritzetik (Lapurdi) jina da, bereziki gustatzen zaiona da «egiazko» lapurtar ihauteriak direla Uztaritzekoak, «euskal girokoak»; aitzineko egunetako kaskarotak, alkateak zirikatzea... Auzian aipatu duten adibidea eman du: «Herriko autobusak Txik Txak du izena, ustez jendearengandik hurbil izateko; alta, auzoetatik pasatu bai, baina ez da gelditzen!».

Maite Irigoien uztariztarrak 30 urtez giro «ona» ikusi izan du beti, astearte gizeneko eguna du gehienik maite, arra-haurrak inguruan baititu. Gustuko ez duen bakarra da bukaerako auzia frantsesez ere erraten dutela.

Lanztarrentzako ihauteriak

Uztaritzen ez bezala, zalantza handia zegoen atzo goizean goizetik Lantzen (Nafarroa), gehienek ez zutelako argi nola ospatuko zituzten inauteriak. «Azkenera arte ez nekien zer egingo genuen», esan zuen Maialen Iruritak. Ez zuten eguerdiko kalejira egin, baina modu «berezian» ospatu zituzten inauteriak. «Herrikoentzat egiten ditugu: jendea etortzen bada ondo, baina ez dugu asko behar ondo pasatzeko». Urtero hamaiketakoa egiten dute ostatuan, baina horren ordez bazkaria antolatu zuten atzo.

Lantzen ez zegoen ohiko giroa: ez ziren txistulariak entzuten ere, ez zutenez zortzikoa dantzatu. Horrez ordez, esku pilotan ari ziren haur batzuk, kaskaka. Beste batzuk, ordea, jaten eta edaten. Haur batzuk Miel Otxinekin ibili ziren kalean. Astelehenean ferratzaile jantzi bazen ere, atzo kaleko jantziekin zebilen Miren Ziga. Duela gutxi arte soilik gizonek dantzatzen zuten zortzikoa, eta behin, asko pentsatu gabe, dantzatzera atera zen. Aitarekin ikasi zuen zortzikoa dantzatzen: «Barrutik sentitu nuen nahia. Bakarrik gizonak aterako dira dantzatzera? Gauzak aldatu behar dira». Ohiko moduan inauteriak ez ospatzeak pena eman dio Zigari; batez ere, haurrengatik: «Askok ez dituzte ohiko inauteriak ezagutzen. Txatxo jantzian ibiltzen naiz, eta beti oilo ipurdia jartzen zait».

Inguruko jendeaz gain, turista batzuk ere joan ziren atzo inauteriak ikusteko ilusioz. Mari Jose Jauregizar beste bi lagunekin zegoen: «Baionatik gertu dagoenez, Lanzko tradizioa ezagutzera etorri gara». Pena handiz joan zen Lanztik New Yorkeko (AEB) Jason Gardner ere: «Duela hamabost urte munduko inauteriak ezagutzen hasi nintzen. Hamabost herrialdetan egon naiz».

Arratsalde-gauera arte ez ziren pertsonaiak atera. Gauean, Miel Otxin erretzeko asmoa zuten. Mikel Hernadorena urtero txatxo jantzian ibiltzen da, eta gauean ateratzeko irrikaz zegoen: «Odolean daramagun zerbait da; oso berezia da. Denak elkartzeko aukera da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.