Gerra Ukrainan

NATOk bikoiztu egingo dio laguntza militarra Ukrainari

Aliantza militarrak goi bilera du gaur, Bruselan, eta Biden bertan izango da. Errusiak AEBei leporatu die gatazka luzatzeko interesa izatea

Mikel O. Iribar.
2022ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak laguntza militarra bikoiztuko dio Ukrainari, Errusiaren erasoei aurre egiteko. Horrez gain, aliantza militarrak lau batailoi zabalduko ditu Eslovakian, Hungarian, Errumanian eta Bulgarian. Hala iragarri zuen atzo NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek, Bruselan egindako agerraldi batean. Besteak beste, erabaki horiez eta erakundea indartzeko «beharraz» eztabaidatuko du aliantzak gaurko goi bileran, Belgikako hiriburuan. Europako agintariek ez ezik, AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Bidenek ere parte hartuko du, baita gaur eta bihar egingo duten Europar Kontseiluan ere.

Stoltenbergek ohartarazi zuen Moskuren eraso kimiko edo nuklear batek «luzera begirako ondorioak» izango lituzkeela: «Eta ez bakarrik Ukrainan; baita NATOko herrialdeetan ere». Aliantza militarreko idazkari nagusiak gogor jo zuen Errusiako presidente Vladimir Putinen aurka: «Putinen inbasioa izugarria da, eta giza sufrimendu handia eta mingarria eragiten ari da. Ukrainari laguntzeko ahalegin guztiak egitera deliberatuta gaude. NATOk erreakzionatu beharra dauka». Hala, erakundeak defentsa arloan indartzeko eta Europa ekialdera hedatzeko asmoa dauka. Hain justu, Poloniak NATOri eskatuko dio Ukrainara bake misio bat bidali dezala.

Eskari horri erantzunez, Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek aliantza militarrari ohartarazi zion bake misioak Ukrainan hedatzeak Errusiako eta NATOko tropen arteko liskar militarrak eragingo lituzkeela. Lavrovek, gainera, AEBei zuzenean leporatu die Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazka militarra «ahalik eta gehien» luzatzeko interesa izatea. Bestalde, Vasili Nebenzia Errusiak NBE Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadoreak atzo NBEren Batzar Nagusian salatu zuen Ukrainako nazionalistak «giza ezkutu» gisa erabiltzen ari direla herritarrak, eta zibilen ebakuazioa «eragozten».

Bitartean, Errusiak alde guztietatik inguratuta dauka Ukrainako Mariupol hiria (Donetsk oblasta), eta 100.000 herritar inguru oraindik han harrapatuta daude, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiren arabera. Kievek bederatzi korridore ireki zituen atzo, horietako bat Mariupolen. Ukrainako hiriburuaren kanpoaldean ere borrokak izan ziren atzo bi bandoen artean, eta Ukrainako indarrek «sabotatzailetzat» jotzen dituzten pertsonak atxilotu dituzte egunotan. Publikoki umiliatu dituzten testigantzak ere argitara atera dira.

Ukrainarrak, «ongi etorriak»

Alemaniako kantziler Olaf Scholzek, berriz, adierazi zuen Ukrainako errefuxiatuak «ongi etorriak» direla Alemanian, eta ziurtatu zuen ez duela «kuotarik» ezarriko, 2015ean Ekialde Hurbileko asilo eskatzaileekin egin ez bezala. Aldi hartan, Alemaniak bere mugak itxi zituen milioi erdi errefuxiatu hartu eta gero. Dagoeneko 200.000 ukrainar inguru hartu dituzte Europako herrialde horretan gerra piztu zenetik.

TASS Errusiako berri agentziak jasotakoaren arabera, Errusiako Garapen Iraunkorrerako presidentearen ordezkari Anatoli Txubaisek dimisioa eman zuen atzo, eta herrialdetik alde egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.