jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Atzera bueltarik ez

2018ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Ezer ez da berdin izango. Gizakiak Lurra, mundua, bere nahierara moldatzen, aldatzen eta eraldatzen jarraitzen du. Beste era batera esanda, baliabide naturalak neurrigabe ustiatzen eta mundua etengabe kutsatzen. Gizakiaren eraginak jada ez dauka atzera bueltarik, ezinezkoa da egindako kalte guztia konpontzea eta ingurumena lehengoratzea. Gizakiaren jardunak eragin zuzena du klimaren aldaketan, azterketak joan, azterketak etorri, gogorarazten duten moduan.

Zer momentutatik edo egoeratatik aurrera izango da klima aldaketa atzera bueltarik gabea? Zein da inolaz ere gainditu ezin den muga? Auskalo. Badira muga hori jada gainditu dela dioten ikerketak. Baita muga hori iristear dagoela diotenak. PNAS aldizkarian kaleratutako azterketa batek, berriz, dio tenperatura globala bi gradu berotuz gero domino efektu bat eragin dezakeela, tenperatura lau edo bost gradu gehiago berotuko luketen fenomenoak abiarazi, klima sistema aldatu eta, azkenean, telebista kateek arratsaldeko lehen orduetan eskaini ohi dituzten sasifilmeetako ondorio lazgarrietako asko sortu. Lurra, Berotegi Lurra bihurtuko litzateke.

Parisko Akordioa, akordioa bera, bada zerbait. Helburu zehatzak jartzea ere bai. Beste kontu bat da, ordea, ea helburuak lortzeko neurriak hartzen ari diren edota Pariskoa bete gabeko nazioarteko beste hitzarmen bat izango den. Eta ikerketaren egileek ohartarazi dute Parisko Akordioaren helburuak lortuta ere, tenperatura igoera bi gradura mugatuta ere, atzera bueltatzeko puntua gainditu dela agian. Ohi bezala, politikariak konturatzea falta da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.