begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Erlojuak eta kotxeak salgai fotogrametan

2021eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Gero eta luzeeeeaaagoooaak diren pelikulek (hala izanik, gure Jaurlaritzak debekua altxatu bezain fite, gero eta handiagoak izango dira pelikula horietan zehar mastekatzeko hartuko ditugun krispeten katxarroak eta tamaina erraldoikoak freskagarrien kartoizko basoak, aretoetako jabeen alegrantziarako, ze, kapitalismoak hala aginduta, pagatuko ditugun sosak gehiago izango baitira) inoiz baino denbora gehiaaaagoooo ematen dizute detaileetan sartzeko, zinema salgai jartzen duten azti/sorgin horien guztien abileziari, ahalmenari, ofizioari erreparatzeko. Gauza jakina da produktuen kokapena bihurtu dela, aspaldian, zinema munduko beste ogibide, arte eta abilezia bat, bukaerako kreditu tituluetan besteen parean agertzen dena. Zehatz-mehatz agertu ere, aipatu behar baitira, nahitaez, horretara dedikatzen den enpresaren izena eta bertako artistaren aitarena eta amarena.

Blockbuster deituraz ezagutzen ditugun planeta osoko pantaila guztiak bere egiten duten pelikulen merkatari-tratulari-broker-marketin izarrak harago jotzen ari dira garaiotan.

Ez dira asebetetzen, ez dira kontent edo konforme filmean zehar objektu batzuk sakabanatze hutsarekin. Nahiz eta horretan, hiriburu handi bateko plaza nagusian mahaitxo bat, bi dado eta hiru godalet jarrita paseari inozoekin azpijokoetan hasten diren zimarkun finenen moduan jardun.

Ez, ez dira konformatzen. Gehiago nahi dute. Beti. Filmetik filmera produktu gehiago nahi dute erakutsi/saldu. Film bakoitzeko gero eta handiagoak, gozoagoak, desiragarriagoak suertatzen dira gure begi, belarri, ezpain eta erraien aurrean zabaltzen diren tentazio bideak, zirikaldiak.

Hala eta guztiz ere, ez dute nahikoa, ez dute sobran. Ez dira kontent. Pelikulak 163 minutu irauten badu ere, filma hasi aurreko eta bukatu osteko minutuak eta espazioa behar dituzte. Dirutza pagatuz ere. Ederki dakite martxant horiek inbertitutakoa bikoiztu, hirukoiztu, laukoiztuko dutela, ikusleek pantailan beren idoloek janzten, edaten, jaten duten hori nahi baitute jantzi, edan, jan. Eta, ahal bada, gidatzen dituzten kotxe eta motorrak gidatu. Eta akzioa, tragedia, abentura, amodiozko istorioa garatzen diren paisaiak bisitatu...

Horrela izanik, aretoan sartu orduko merkataritza gune batean zaude, susmorik ez baduzu ere. Etsenplurako, James Bonden No Time To Die hasi aurretik, pertsonaia guztiek eskumuturrean daramaten Omega erlojuaren alabantza ikusten dugu. Zinema iragarki luxuzkoa, pelikulatik hartutako eszena bat estilo handiz erabiltzen duena. Bada, ez pentsa, garrantzi handiko detaile bat da. Hain da erakusleiho ezinbestekoa pantaila, ze enpresa eta konpainien arteko lehia den. Lehia basa, kontraprogramazio moduko bat.

Hainbat aretotan, Omega erlojuen gorespena baino segundo batzuk lehenago, Hollywoodeko Zinema Akademiako kide, partaide, babesle eta hornitzaile den Rolex mitikoaren laudorioa da programatua. Eta Omegaren kasuan Daniel Craig bera agertzen bada, Rolexenean Scorsese dugu...

Pandemia baretzen hasi zenean, ekoiztetxe handiek errefus egin zioten pantailetan zein kutxatiletan dir-dir handiena egingo zuten pelikulak estreinatzeari, aretoak letargia hilgarri batean utziz. Erabakia ez zuten hartu soil-soilik ikusle bakar bat ere galdu nahi ez zutelako, baizik eta pelikula horietan agerian, begi bistan, tentazio ziren produktu guztien sortzaile eta jabe ziren konpainiek ahalik eta zabalkunde handiena exijitzen zutelako. Hertsi, estu, zorrotz taxututako eta sinaturiko kontratuen bitartez. Etsenplurik nahi? Tiger 900 motor prototipoa Bonden azken horretan erakusten duen konpainiak eskatu egin zuen, abokatuen bitartez, jendea, jendetza aretoetara bueltatu arte filma ez estreinatzeko. Exijentzia bera plazaratu zuten, atzerapausorik onartzen ez duten negoziatzaileen bidez, Jaguar, Aston Martin eta Land Rover ibilgailuen konpainiek...

Ulertzeko moduko jarrera. Hemen ez dago ez green washing-ik, ez ardura sozialik, ez planetarekiko kezkarik. Ez. Hau negozio hutsa da. Pantailaren merkatuan jokoan den negozioa. Pelikulak eta zinema saloiak merkatu postu paregabeak dira egun. Eta zenbat eta minutu gehiago izan filmak, orduan eta denbora eta espazio gehiago izango dute pelikula sostengatzen eta pelikulaz baliatzen diren produktu broker berri horiek...

Artikulua biribiltzeko edo, beste adibide maltzur bat: hain majoa den Venom horretan KIA kotxea agertzen da, gain-gainetik agertu ere. Badaezpada ere, tori anuntzioa pelikula aurretik. Bertan hizketan, kotxearen diseinatzailea eta filmaren efektu berezien ardura duen Sheena Duggal.

Goazen zinemara eta eros ditzagun erloju pare bat eta motor polita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.