begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Sua eman nahi zilarrezko globo bati eta ezin

2022ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Ez izan ez dudarik ez kezkarik; jakina badirela korrienteak, normalak, izan arren gure konplizitate erabatekoa merezi duten pelikulak. Ez izan damurik, ikus ezazue, lotsa izpirik pe The Eyes of Tammy Faye. Eta ez bakarrik Jessica Chastainek igualik ez duen lana egiten duelako, baizik eta, Donostiako Zinemaldian nahiko txarto hartu izan zuten dir-dir eta brilli-brilli egiten duen zeluloide txingote horri, gure etxe ondoko aretoetan gutxitan antzematen dugun berealdiko sarkasmo eta iskirioa baitario.

Ikus ezazue merkataritza-guneetan eskura duzuen adina zinema, baina, bat-batean, zuen babeslekutik, zuen koba segurutik, zuen konfort-zonatik alde, ihes, ospa, hanka egiteko tenorean sumatzen badituzue zeuen burua eta arima, egizue salto etxeko eta poltsikoko ikus-entzunezko gailuetan dituzuen plataforma eta kanaletara eta berreskuratu mito bilakatu den Na srebrnym globie (On the Silver Globe).

1977ko ekoizpena da. L'important c'est aimer eta Possession filmen autore Andrezj Zulawskik eginda, orduko Poloniako Gobernuak sarraskitu ostean, urteak pasatu eta gero nekez aurkitua, nekez baina mendeku gosez berriro eratu/eraikia. 1988ko Cannesen lehenbizikoz pantailaratua, orain gurean dagoena.

Kokatu zeuen burua garai hartan, aro hartan, zinemagintza hartan, moral mixeria haietan. Harro zegoen Zulawskirekin Poloniako politburoa. Ez ziren nolanahikoak izan, ordura arte, Jerzy Zulawski idazle eta poetaren iloba txikiaren lorpen nazioartekoak. Beraz, baimen osoa eman zioten nahi zuena filmatzeko, gobernua lagun. Askatasun benetakoa ere eskaini zioten (antza). Trabarik ez, oztoporik ez gure nazio artista handiari.

Andrezjek Jerzy osaba zaharraren zientzia fikziozko Ilargi trilogia hartu zuen ardatz, abiapuntu, inspirazio. Iritsi garen puntura iritsita, geraldi bat egin behar dugu kontakizun honetan, Jerzyren berri ematearren.

Jerzy alpinista ikaragarria izan zen. Baita markako eskiatzailea ere. Helmuga gabeko bidaztia. Art Nouveau eta dekadentismoaren alde borroka egiten zuen Mloda Polska aldizkari modernista eta seko errebeldearen fundatzaileetako bat. Tifusak jota hil zen Lehen Mundu Gerran. Bere ipuin krudel, libre eta basak filosofiako digresioez ziren blai. Banderarik, nausirik, jainkorik ez zuen erraz onartzen XIX. mendeko Zulawskik, eta ez zuen konfiantza handirik ez gizakiongan ez gure etorkizunean. Aditu eta zale amorratu makina baten esanetan, Asimovek berak, Bradburyk berak, Lemek berak baino askoz urrutirago jo zuen bere izkribuetan. Urrutirago eta hiru horiek, inkluso beren adoratzaileek kasik belauniko irakurtzen dituzten Arkadi eta Boris Strugatskik baina askoz goizago.

Abiapuntua halakoa izanda, eta iloba txikiaren zinemagintza pixka bat ezagututa, erraz eta lasai asko asmatuko duzue: Zilarrezko globoaren gainean izenburuko zeluloide puskak ez du zerikusi handirik, urte berean Poloniatik hain urrun zen galaxia batean George Lucas burutzen ari zen Star Wars-eko lehengo atalarekin.

Bi Zulawskitarren istorioan, gizateriak lurretik egiten du alde, bizitoki berri baten bila modu desesperatuan. Libertatea, elkartasuna, elkarlana, bizikidetza eta abar eta abar luze bezain astuna daramate banderatzat.

Alferrik. Hor, kanpoko espazioko iskin ziztrin batean finkatu ondoren haien (gure) mamu guztiak berpizten dira. Badira epaileak, bada nor gurtu, nor zigortu, nor eta zer desiratu; bada lur berriak konkistatzeko gogo aseezina...

Andrezjek egun performance metafisikoa (edo) deituko genukeen zeozer eratzen du, itsaso gris-urdin baten gainean. Nahiz eta biharko izakiak izan, pertsonaien janzkerak, dantzek, bizilekuak galdutako edo isolaturiko tribu batekoak dirudite.

Ez, Zilarrezko globoaren gainean ikusten ari zarela ez datozkizu burura ez Kubricken Odisea ez eta Scotten Blade Runner. Ez, izan ere pasarte askotan Nicolas Winding Refnen Valhalla Rising haren bihozmin anker eta gaindiezina ezingo duzu zure oroipenetatik uxatu. Aktoreek esan beharrekoa handiki deklamatzen dute, eta beren mugimenduek dantza garaikidean trebaturiko artista zoro batzuenak ematen dute.

Haien kamerarekiko harremana inbasore batekiko izan dezakezunaren parekoa da. Maiz, tapatu egiten dute. Filmatzen jarrai ez dezan... Hori ez zen, preseski, gobernuak esportaziorako nahi zuen pelikula. Geldiarazi zuen filma. Suntsitu zituen dekoratuak, txikitu filmaturiko zeluloidea. Ihes egin behar zuen Jerzyren iloba txikiak...

Urteak pasatu eta gero, zenbait heroi ezezagunek salbatutako puskekin eta irudi berriekin, non egun batean hor ziren pasarte eta pasadizoa birrinduak leitu egiten ziren, ozen, gaur zuen ongizate-zonaren bestaldean duzuen orbanez beteriko filma burutu zuten. Ausart zaitezte. Baina kontuz, segurantza eremutik at, hotz ikaragarria ari du. Izua ere. Espantua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.