Osasuna 2-0 Albacete

Denbora kontua da

Osasunak urrats handia egin du Lehen Mailarantz, Sadarren Albaceteri irabazita. Azken 25 minutuetan apurtu da neurketa

Osasunako jokalariak atzoko garaipena ospatzen zaleekin. Nafarrek oso gertu dute Lehen Maila. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Osasuna. Ruben; Nacho Vidal, Unai Garcia, David Garcia; Clerc; Luis Perea, Fran Merida; Roberto Torres, Ruben Garcia (Kike Barja, 79.min), Rober Ibañez (Xisco, 82. min) eta Juan Villar (Brandon, 72. min) .

Albacete. Tomeu Nadal; Angel Moreno, Arroyo, Gentletti, Fran Garcia; Torres, Febas; Susaeta (Acuña, 75. min), Eugeni (Barri, 64. min), Bela (Manaj, 84. min) eta Zozulia,

Golak. 1-0: Unai Garciak (69. min). 2-0: Roberto Torresek (77. min).

Epailea. Pulido Santana. Txartel Gorriak Albaceteko Dani Torresi (74. min) eta Zozuliari (76. min) Horiak: Osasunako Juan Villari eta Fran Meridadri; eta Albaceteko Eugeniri eta Angel Morenori.

Bestelakoak. 16.819 ikusle Sadarren.

Final kutsuko norgehiagoka zuen atzo Osasunak gorengo mailara itzultzeko bidean, eta ez zuen hutsik egin. Merezimendu osoz gailendu zitzaion Albaceteri, Sadarren ohiko bilakatutako nagusitasunez: 2-0. Etxean jokaturiko azken hamahiru partidak irabazia zen, eta atzo beste katebegi bat gehitu zion garaipenen kateari. Kasu honetan, urrezkoa, Lehen Mailaren atarian utzi baitu Jagoba Arrasateren taldea. Denboraldia bukatzeko sei jardunaldiren falta dira, eta gorritxoek bederatzi puntura dute hirugarren sailkatua, atzo mendean hartu zuten Albacete. Gainera, alde dute golen aldea bina berdindu zuten joaneko lehian. Alegia, igoera denbora kontua besterik ez da Osasunarentzat.

Arrasatek gauza on asko eman dizkio Nafarroako taldeari, eta horietako bat indar eta sendotasun mentala dira. Une erabakigarrienetan burua hotz izaten dute jokalariek; ez zaie bertigo zantzurik txikiena ere sumatzen. Atzoko neurketa ez zen salbuespena izan. Iruindarrei ondo zetorkien berdinketa, baina anbizio handiz jokatu zuten epaileak txistua jo bezain pronto.

Jazarri zioten Luis Miguel Ramisen taldeari, erasoan dituzten baliabide ugariak ustiatuta. Ezer egotzi ahal bazaie, lehen zatian golik sartu ez izana da. Aukera oldea izan zuten markagailuan aurrea hartzeko, Perearen, Robert Ibañezen eta Juan Villarren eskutik. Kontrara, etxekoen oldarraldiei tinko eutsi zien Tomeu Nadal atezainak.

Nafarrek, haatik, jopuntua zuzendu zuten bigarren zatian. Hori bai, golak iritsi aurretik, ordu laurden batez deseroso egotea egokitu zitzaien. Atsedenak suspertu egin zuen Albacete, eta luzatu egin zen aldageletatik bueltan. Osasunari, aldiz, erasoko emaria eten zitzaion. Ez erabat, Robertek bakarkako jokaldi ikusgarriak egiten segitu baitzuen. Horietako batean, Dani Torresen bigarren txartel horia eragin zuen (65.min).

Festa, Sadarren

Jokalari bat gehiagorekin, hazi egin zen Osasuna, eta ez zuen aurkariaren gupidarik izan. Lehenik, 1-0ekoa egin zuen Unai Garciak (69. min), txilenaz eta zortea lagun baloia sareratuta. Ondoren, Zozulyak ateko zuloan eskuarekin gelditu zuen Roberto Torresen jaurtiketa, eta egotzi egin zuen epaileak (77.min). Torresek ez zuen barkatu penalti puntutik.

Festa hutsa izan ziren hortik aurrerako minutuak. Gozatu ederra hartu zuten Sadarren bildutako ia 17.000 zale gorritxoek. Egun handietako ospakizuna izan zen, Osasunak urrats erabakigarria egin baitzuen eliterantz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.