begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Koktel bat absenta eta tanta bi mikromatxismo

2021eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Alkoholez zopazopa eginda dugu karteldegia... Azalduko dira Alkoholiko Anonimoen borrokalari finak baina, ezin ukatu,graduazio altuko filmak agertzen zaizkigu aretoetako izkina guztietan, tentazio bide ikara/zora/ikus/dasta/garri moduan.

Atzo bertan, Netflixen bitartez gure etxeetako jan/edan gelan ikusgai izan dezakegun David Fincherren Mank eskaini zuen Errenteriako (Gipuzkoa) Ozzinema zinema bilkurak. Citizen Kane-ren gidoia sortu zuen Herman Mankiewiczen erretratu itzela, mila ñabarduraz eratua. Hermanen potreta, garai usteldu batena ere bai, urrezkoa zirudien Hollywoodekoa, izan ere.

Herman gizaki ondradua zen. Eta mozkor galanta. Egiari zor, inoiz ez zuen hobeto idazten ardotan zopatua zenean baino. Oscar saria irabazi zuen arren, ez zuen jaso Citizen Kane sortu izanagatik merezia zuen aitortza. Welles maisu handia, askoren uste faltsuan, egile bakarra zen. Alta, Hermanek alkoholez eta tintaz bustitzen zuen lumarik gabe, Orsonen maisulana ez litzateke existituko.

Aitzurra harrapatzen zuenean izan ohi zituen Hermanek argialdirik dirdiratsuenak, zorrotzenak, ondoan zirenak pareta kontra, defentsarik gabe, arima biluzik eta sekretu guztiak argitan uzten zituzten ateraldi beldurgarriak. Eta Oscar sarietako hamar sailetan finalista den pelikula honek, itzulinguruka ibiltzeke, inoiz hutsik geratzen ez den edalontzi bat whiski, bourbon edo gin eskuan, hori guztia adierazten du, parekorik ez duen zuri-beltz batean bildurik.

The Pogues musika talde errebeldeko sortzaile, buru, bihotz eta erraiak izan zen Shane MacGowani bere errespetu eta miresmen osoa luzatzen dizkion dokumentala ez da ezkutuan ibiltzen. Izenburutik bertatik badakigu zertan emango ditugun bi ordu: Crock of Gold: A Few Rounds with Shane MacGowan. Izan ere, horixe da asmoa, txikiteoan (txikiteo basan) jardutea Shanekin, Julien Templeren kamera lagundugula eta trago guztiak ekoizpen ardura duen Johnny Deppen kontura direla.

Umetan, Irlandan, izeba Norak zerbeza beltzaz elikatzen zuen Shane, eta berdoztuta zenean, dotrina erakutsi. Zerbeza beltza, apartsua, herrialdearen ikurra zen. Whiskia ere bai. Zaletu zen Shane. Gehiegi, igual. Zaletu zen beste substantzietara ere. Laster jabetu zen pagatu beharreko prezioaz. Baina ez zuen atzera jo. Pagatu eta kito. Parekorik gabeko pelikula honetatik atera orduko hasiko zinateke, zin dagizuet kale/izkina/tabernazurrut gozoan. Baina birusa dantza dabilenez, balkoi-zurrutean izan beharko duzu, lagun, The Pogues-en Streams of Whiskey edo Birmingham Six altu-altu jarrita binilozko disko-jogailuan...

Nazioarteko Kritikarien Elkarteak belauniko eman zion iazko Donostiako Zinemaldian bere ikur preziatua Thomas Vinterberg zuzendariari, bere Druk izenburuko filma goraipatu eta laztanduz. Ez diot nik grazia handirik aurkitzen mundu osoak miresten duen film honi. Gogorrago jokatzeko eskatuko nioke nik. Nihilistagoa izatea. Zure burua galdutzat jotzen baduzu, ahalik eta urrutien egizu tiro, eta ez hasi ohiko gezur-malkoetan, ez hasi betiko bikote malapartatuen istorio malapartatuetan. Ez dakit, gozoegi dirudi filmak bere azken momentuetan. Ardoz gainezka dela nork ukatuko baina? Ardoz, ginebraz, garagardoz, vodkaz, xanpainez. Baina pertsonaiek ez lukete beren bizia emango edaten jarraitu ahal izateko. Beraientzat alkohola esperimentu triste batentzako tresna tristatua da. Besterik ez. Druk-eko horiek ez lukete inoiz alkoholak exijitutako prezioa pagatuko. Ez larrutik ez zeluloidez.

Hala ere, bada Druk-etik salbatuko nukeen kontu bat. Denon alegrantziarako, Louisianako New Orleans hiriko izaera jazzak berak bezain oldarkor islatzen duen Sarezac koktelaren formula agertzen da pantailan: absenta behar duzu. Benetakoa. Behar duzu bourbon on bat. Behar duzu biter bat...

Azken puntua, basoa tintaz eta alkoholez bete aurretik. Druk-en inguruan, mikromatxismo kasu bat baino gehiago detektatu genuen irailean eta sumatu dugu orain ere. Iaz, ar Alpha franko seko haserretu ziren Zinemaldikoepaimahaiarekin, euren generokideek bizitakoa, euren generokideen tristura jorratzen zuen pelikula baztertu zutelako epaileek,Georgiako Dea Kulumbegashvili emakume zuzendariaren Beginning filmari Urrezko Maskorra eskainiz. Haserre bizian ziren, bai. Biraoka. Ohartu gabe zinema handiagoz ari zela Dea Thomas baino.

Orain, gure etxe ondoko aretoetan estreinatu berri, Druk ikusten duten makina batek, lasai asko eta, antza, gure alabantzan, esan esaten dute guk, emakumeok, ez dugula bertako arrek edaten duten hainbeste edaten. Ahaztu dira, bide, Chavela Vargasek Mexikon (eta harago) zegoen tekila guztia hustu zuela...

Ez hasi, gu kontent uzteko faltsukerietan, otoi. Hori bai, Druk-eko gizontxoek baino askoz hobeto dakigu edaten. Eta badakigu bidertzian zenbait kanta botatzen gauerdiz arnoari. Merezi du eta. Zeluloide onak adina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.