Reala 1-1 Leganes

Borobila, baina ez perfektua

Espainiako Ligako lidertzan kokatu da Reala, baina Leganesen aurkako berdinketak aho zapore mingotsa utzi die txuri-urdinei. Merinok egin du etxekoen gola; hura izan da onena

Mikel Merino, Leganeseko jokalari bati ihes egin nahian. Hura izen zen txuri-urdinen golegilea. GORKA RUBIO / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Merinok (62. min.). 1-1: En Nesyrik (77. min.).Epailea. Munuera Montero. Txartel horiak Realeko Monreali eta Merinori, eta Leganeseko Reciori, Bustintzari, Kevini. Txartel gorria Leganeseko Kevini. Bestelakoak. 27.684 ikusle Anoetan.

Ez Galileo, ez Elkanoren mundubira, ez espazio-ontzi eta ezta Gozategiren abestia ere. Haien guztien beharrik ez du izan Realak lurra esferikoa dela frogatzeko. Matematikekin asmatzen ari da Donostiako taldea, eta, gainera, zerura igo eta handik begira jarri da. Atzo Leganesekin berdindu ostean 23 puntu dituzte txuri-urdinek, eta lider dago Espainiako Ligako sailkapenean. Alabaina, zapore garratzeko datua da; irabazteko partida zuen atzokoa, zer esanik ez markagailuan aurretik jarri ostean, baina espainiarrek gol bat egin eta mikaztu egin zuten realzaleentzat gozoa behar zuena.

Imanol Alguacilen jokalariak gehiago izan ziren zelaian. Batez ere lehen zatian; %80ko baloi jabetza izan zuten atsedenaldira iritsi artean. Hasi, bizi hasi zuen neurketa Realak, baina Ivan Cuellar atezainak ondo egin zuen bere lana. Bata bestearen atzetik oztopatu zuen etxekoen jarduna; donostiarrek egindako saialdi bakoitza geratu zuen, eta, harengatik izan ez balitz, neurketa hasi orduko aurretik litzateke Reala.

Leganes bere arean itotzen saiatu ziren txuri-urdinak, eta Javier Agirrek espainiarren prestatzaile berriak egindako joko proposamenak lagundu egin zion horretan. Bost atzelarirekin zelairatu zen, eta horrek areagotu egin zuen Realaren erasoko jokoa. Jokaldi haietako batean, markagailuan 14. minutua zela, penaltia eskatu zuten etxekoek. Eskuarekin jo zuen Leganeseko atzelari batek, baina epaileak ez zuen ezer adierazi. Alderatzea Willian Josek probestu zuen, baina, beste behin, Cuellarrek saihestu zuen Realaren gola.

Pixkanaka, kamustu egin zen Realaren erasoko jarduna. Mikel Merinok eutsi egin zion bere joko onari, eta horrek Realaren nagusitasuna indartu zuen. Ondo aritu zen jokalari nafarra, eta hark eman zion hauspoa Imanolen taldeari. Etxekoen jokalaririk onena izan zen. Atsedenaldiara arte bere nagusitasuna mantendu zuen Realak, baina gehiegizko minik egin gabe.

Golak ez du festa ekarri

Bigarren zatiari ekin orduko aldaketa bat egin zuten bisitariek. Agirrek En Nesyriri aukera eman zion, Imanolek bere hamaikakoari eusten zion bitartean. Realak bere horretan segi zuen bigarren zatiaren hasieran; saiatuz, baina gola egiteko zirrikiturik aurkitu ezinik. Leganesek, berriz, erasorako pausoa eman zuen, eta horrek ireki egin zuen partida.

Halako batean lortu zuen Realak markagailuan aurretik jartzea. Ordura arteko jokalaririk onenak bere gaitasunak erakutsi zituen beste behin. Leganesen aurrerapausoa probestuz zuloak bilatu zituen Realak, eta bi korner izan zituen alde segidan. Haietako bigarrena probestu zuen Merinok aurkariei area txikian aurrea hartu eta baloia sareetara botatzeko. Zerurako bidean zen Reala.

Alabaina, partida bere egiteko bigarren gola behar zuen Realak, eta baina atzera egin zuen zelaian. Leganesek ez, ordea, eta izan zuen saria: berdinketaren gola. Eskuin hegalean baloi bat lapurtu, Roqueri pasea eman, eta honek eskuin hegaletik lasterka eraman zuen. Hark egindako erdiraketa En Nesyrik errematatu zuen, eta Alex Remiroren atean sartu. Pizgarri gisa sartu zenak piztu zuen Leganes. Erreakziorako denbora gutxirekin, gozo mikaztua jan zuen Realak lider jarri zen egunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.