Huesca 2-0 Eibar

Asteartea: beste astelehen bat

Eibarrek itxura negargarria eman du Huesca azken sailkatuaren zelaian, eta lesioak eta halakoak ezin dira aitzakia izan. Lau partida falta direla, ez dauka bermatuta mailari eustea

Huescako Chimy Avila eta Eibarreko Paulo Oliveira baloia lortzeko lehian, atzoko partidan. JAVIER BLASCO / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2019ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Gallegok (54. min.). 2-0; Avilak (57. min.). Epailea. Medie Jimenez. Txartel horiak: Huescako Mantovani, Gallego, Herrera eta Avilari, eta Eibarreko Diopi. Bestelakoak. 6.157 ikusle Alcoraz estadioan.

«Ez daukagu irabazteko beharra; bai, ordea, azkeneko partida hauetan ondo lehiatzekoa». Hala esan zuen herenegun Jose Luis Mendilibarrek, Huescan atzo Eibarrek jokatu behar zuen partidaren bezperan. Ez ziren, bada, ondo lehiatu jokalari guztiak, eta batzuekin bakarrik ezinezkoa da Eibarren moduko talde apal batentzat ezer onik ateratzea Lehen Mailan. Ezta azken sailkatuaren eta ia-ia jaitsita dagoen taldearen zelaian jokatzen denean ere. Merezita galdu zuten atzo gipuzkoarrek, eta badute esnatzen hastea, lau partida falta direla oraindik ez baitu erabat bermatua Lehen Mailan jarraitzea. Zaila dela hondamendia gertatzea? Bai. Baina ez ezinezkoa, eta komeni lehenbailehen kontuak lotzea, behar baino gehiago ez sufritzeko.

Arazo gordina da, baina, hau guztia: aurkari zailak dauzka lehiaketa amaitu arteko bidean, Valentzia, Betis, Vila-real eta Bartzelona, nahiz eta azkeneko biek ziurrenik ez duten lehian ezer askorik izango Eibarren aurka jokatzen dutenean. Eta lesioz josita dauka taldea. Atzo beste bi erori ziren: Kike eta Diop, biak lehen zatian. Bigarren taldea dabilen bezala dabil, Hirugarren Mailara jaisteko zorian, eta atzo garbi ikusi zen gauza askorik ezin dela atera ez dagoen tokitik, Miguel Mari euskarriaren debutak ez baitzuen nabarmentzeko ezer utzi. Esnatu beharrean da Eibar, egina zeukana ez duelako eginda, eta bide malkartsua gerta dakiokeelako azkeneko zati hau.

Mendilibarrek herenegun esan zuen ez zitzaiola gustatu taldeak egun horretan egindako lana entrenamenduan. Nola entrenatu, horrela jokatu, eta atzo negargarri aritu ziren ia jokalari guztiak. Eta lesioengatik atzo aritu ezin izan zirenen zuloa, eta txartel pilaketaren eraginez atzo falta ziren Jordan eta Jose Angelen hutsuneak ezin dituzte aitzakia gisa hartu taldean. Oso maila eskasa azaldu zuten batzuek: aspaldiko partez aritu zen Pere Millak, Pedro Leonek, Charlesek eta Kikek, esate baterako.

Lehen zatia hainbestean libratu zuen Eibarrek, eta ez asko egin zuelako, Huescak ere antzeko ezintasuna erakutsi zuelako baizik. Harrigarria izan zen hori, ustez azken aukera baitzen etxekoentzat Bigarren Mailara ez joateko. Irabazi beharra zeukan, baina ez zuen aparteko goserik erakutsi emaitza alde jartzeko. Makal hasi zen partida, erritmo geldoan, eta bi taldeak ez ziren gai hiru pase segidan kateatzeko. Eibarrentzat mesedegarri zen hori. Aukera garbiena etxekoek izan zuten, Etxeitaren burukada batean, 36. minutuan; langak lagundu zion Dmitrovici. Handik gutxira utzi behar izan zuten zelaia Kikek eta Diopek, minez.

Bi gol ederrekin, kito dena

Etxekoen susperraldia golekin etorri zen, atsedenalditik bueltan. Ezer ez zeukan jokaldi batean, Gallegok orpoz sartu zuen baloia, erdiraketa bat ondo baliatuz. 54. minutua zen, eta sua eman zion golak Huescari. Erabat erre zuen Eibar handik hiru minutura Avilak, gol ikusgarri batekin; boleaz astindu zuen baloia korner batean, aurrez prestaturiko jokaldian. Hantxe bukatu zen partida, Eibarrek susperralditxoa izan bazuen ere azkenera, Enrichen zelairatzeak lagunduta.

Baina erasoan hain gutxi eginda ezinezkoa da gauza onik ateratzea. Sasoiko partidarik eskasena egin zuen atzo Eibarrek, eta pitz dadila iratzargailua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.