Getafe 0-0 Osasuna

Zuhurtziak ere saria ekarri dio

Osasunak puntu bat erdietsi du Getaferen aurka, norgehiagoka bihurri batean. Sergio Herrerak Ruben Martinez ordeztu behar izan du, eta gelditu bikainak egin ditu

Pervis Estupiñan Osasunakoa, pase bat egiten, Getaferen aurka atzo jokatutako neurketan. RODRIGO JIMENEZ / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Epailea. Soto Grado. Txartel horiak Getafeko Nyomi eta Jorge Molinari; eta, Osasunako Vidali, Ruben Garciari, Brandoni eta Oierri. Bestelakoak. 10.558 ikusle bildu dira Alfonso Perez Coliseumean.

Astea joan eta astea etorri, Osasunak puntuak batzen segitzen du. Etxean hirunaka ari da pilatzen, eta banaka etxetik kanpo. Erritmo hori arau bihurtu da Nafarroako taldearentzat, eta atzo ere men egin zion, Getaferen zelaian puntu mamitsua lortuta. Ez zuen ohiko jarrera bipila eduki, baina beharrik ere ez zuen izan lehiakortasunari eusteko. Bizitasuna eta borroka eskatzen zituen espainiarren aurkako neurketak, eta gorritxoak ez ziren uzkurtu. Jokoak ez zuen distirarik eduki, baina bai lortutako puntuak, Jagoba Arrasateren taldea bide onetik doala berresteko balio baitu. Soilik bi lehiatan gelditu da esku hutsik, eta hemeretzi puntu ditu jada; hamarrera ditu jaitsiera postuak.

Lehiaren atarikoan, betiko planari eutsiko ziola iradoki zuen Arrasatek. Haatik, aldaketak egin zituen Getaferen jokamolde latzera egokitzeko. Nagusia, eskuin hegalean: Roncaglia eta Vidal ipini zituen bertan, Cucurella eta Kenedyren igoerei tinko eusteko. Euskarrian Oierrek eta Brasanacek jokatu zuten, eta Cardona bakarrik aritu zen aurrelari lanetan. Gorritxoen proposamena, beraz, ohi baino defentsiboagoa izan zen. Eta lehiaren hastapenean, kosta egin zitzaien gidoi berrira egokitzea. Bizi ekin zion lehiari Getafek, eta nafarrak beren zelaian kaiolatu zituen. Angelen ahaleginek izua zabaldu zuten Iruñetik bildutako zaleen artean.

Saiakeretako batean, aurrelariak talka egin zuen Ruben Martinezekin, eta atezainak zelaia utzi behar izan zuen (18. min). Sergio Herrera atera zen haren ordez, eta, hala, debuta egin zuen sasoi honetan. Etenaldiak on egin zion Osasunari. Hortik aurrera, zelaian behar bezala kokatu, eta zuloak ondo itxi zituen. Getafek ahaleginak egin zituen Angelen abiadura eta areara egindako erdiraketak baliatzeko, baina iruindarrek irmo ihardetsi zuten. Jasonek areaz kanpotik egindako jaurtiketa batek bakarrik artegatu zituen gorritxoak.

Larrialdia amaieran

Hori bai, erasoan desagertuta ibili ziren kasik. Roberto Torresek gora bidalitako jaurtiketa bat (20. min) eta Cardonak atzelarien bizkarrera egindako korrikaldia (39. min) izan ziren aukerarik onenak. Faltan sumatu zuten Chimy Avila, bere kasa babak eltzetikateratzen dakien jokalari bakarretakoa izanik.

Aldageletatik bueltan, etxeko taldeak erasora jo zuen berriro, atzera ere Angel buru zuela. Gorritxoek ere pauso bat eman zuten aurrera, eta jokaldi arriskutsuak egin. Haietako batean, Soriaren aurrean bakarrik gelditzear izan zen Vidal, baina ez zuen asmatu baloia gobernatzen (48. min).

Gero, min hartu zuen hegaleko valentziarrak, eta Brandonek bete behar izan zuen haren tokia. Ohiko sistemara berrezarri zuen orduan Arrasatek, eta taldeak hobera egin zuen minutuen joanean, Getafe baino gehiago izateraino. Hobekuntza lehian islatzeko aukera izan zuen David Garciak, Rubenek ateratako falta batean, baina erdilariaren burukada erdira joan zen (64. min).

Azken txanpan, ordea, Bordalasenak berpiztu egin ziren, eta oldartu egin zitzaizkien nafarrei. Lehenik, Molinak langara bidali zuen baloia (78. min). Gero, Herrerak bi gelditu itzel egin zizkion Aranbarriri. Ametsetako itzulera izan zuen atezainak, eta Osasunak puntuak batzen segitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.