Real Madril 1-0 Athletic

Gehiago merezi izan du

Athletic Real Madrilen areara heldu den bakoitzean txiki geratu da Courtoisen aurrean. Benzemak sartu du partidako gol bakarra

Raul Garcia Atleticeko jokalaria Casemiro Real Madrilekoa gainean duela, atzo, Santiago Bernabeun. KIKO HUESCA / EFE.
Mikel O. Iribar.
2021eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Golak. Benzemak (39. min.). Txartel horiak. Real Madrileko Modric eta Casemirori, eta Athleticeko Zarraga, Lekue, Iñaki Williamsi.

Athleticentzat Santiago Bernabeun ezustekoa ematea izango zen ukendurik onena. Garaipen lehortea, baina, eten ezinik dabil.1-0 galdu zuen Real Madrilen aurka, atzeratutako ligako bederatzigarren jardunaldian. Zuri-gorriek atea zulatzeko aukerak erruz izan zituzten, baina beste behin, agerian geratu zen jokalarien zorroztasun falta. Atzoko porrotarekin, sei partida daramatzate irabazi gabe.

Marcelino Garcia Toral entrenatzaileak aurreko neurketatik hiru aldaketa egin zituen. Berritasunik handiena eskuin hegalean egon zen: Oier Zarraga ipini zuen. Atzeko lerroan, berriz, Unai Nuñezek bete zuen Iñigo Martinezen hutsunea, eta aurrean, Iñaki Williams aritu zen, Real Madrili kontraerasoetan min egiteko xedez.

Lehen abisua Real Madrileko jokalariek eman zuten. Viniciusek ezker hegaletik erdiraketa egin eta Benzemak errematatu zuen, baina Unai Simon atezainak erantzun ona eman zion jaurtiketari. Bigarrena ere, Viniciusek eta Benzemak elkarren artean egindako jokaldi bizi baten ostean, sukalderaino sartu ziren, baina berriz ere Simonekin egin zuten topo. Carlo Ancelottirenak eroso zenbiltzan soropilean; Marcelinorenak, aldiz, gozakaitz, euren joko estiloa ezarri ezinik,

Harik eta zuri-gorriak suspertu ziren arte. Kontraeraso batean. Williamsek bote lasterrean ongi eman zion baloiari, baina Militaoren hankan jo eta gutxigatik kanpora joan zen. Hurrengo minutuan, Athleticeko jokalaria Courtoisekin aurrez aurre geratu zen, baina ez zuen jokaldia biribiltzea lortu. Bizkaitarrak sarriago heltzen ziren Real Madrilen areara, baita abaguneak eduki ere; hala nola, Raul Garciak area txikian bakarrik buruz errematatu zuen, baina Courtois erne ibili zen. Joaldiak, ordea, gutxi iraun zion Athletici. 39. minutuan, Benzemak 1-0ekoa egin baitzuen aldaratze batean. Maisua da horretan ere frantziarra. Zuri-gorriak kolpea hartuta heldu ziren atsedenaldira.

Zuri-gorrien erauntsia

Bigarren zatian, Athletic izan zen aurkariaren areara heldu zen lehen taldea. Zarragak urrunetik baloiari lehor-lehor eman zion baloiari, baina ezkerreko zutoin ondotik joan zen. De Marcosek area barruan errematatu baina Lucas Vazquezen hankan jo zuen baloiak. Aukera gehiago izan zituen Athleticek gola sartzeko. Nuñezek sekulako abagunea izan zuen, baina kanpora joan zitzaion.Courtois Real Madrileko atezaina izan zen Athleticen borrero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.